INFO

Eider Mendoza: «25 aldiz biderkatu du Kursaalaren eragin ekonomikoak hasierako inbertsioa»

Kursaalak mende laurdena beteko du aurten, abuztuaren 23an hain zuzen ere. Hori ospatuz hainbat kultur ekitaldi iragarri dituzte ostiral honetan egindako prentsaurrekoan. Urte guzti hauetako jardueraren balantzea egiteko ere baliatu dute abagunea.

Ostiral honetan 25. urteurreneko ospakizunak eta balantze ekonomikoa aurkeztu dituzte. (Jon URBE | FOKU)

Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendari-gerenteak; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia eta Kursaaleko presidenteak; eta Eneko Goia Donostiako alkatea eta Kursaaleko presidente ordeak, Patrick Alfaya eta Miguel Martin ospakizun galaren arduradunekin batera eskaini dute agerraldia ostiral goiz honetan.

Pozarren agertu dira 25 urteko ibilbidea «ezin hobea» izan delako. Bi lan-ildo aipatu ditu Goikoetxeak. «Kongresuak erakartzea eraldaketa ekonomikoaren bidean, batetik, eta kalitatezko kultura eskaintzea eraldaketa soziala bultzatuz».

Aurrera begira, «oraintsu onartu da 2024-27 Plan Estrategikoa eta hazkunde nabarmena aurrikusi dugu», esan du.

Ekonomia, ezagutza eta kultura ardatzak aipatu ditu diputatu nagusiak. «Lurraldearen eragile estrategikoa da eta elkargunea ere bai, horrez gain», esan du. «Kudeaketa oso ona izan du eta hasiera batean pentsatutakoa baino askoz gehiago lortu du», gaineratu du.

«Nekez irudikatu dezakegu Donostia Kursaalik gabe, nik behintzat ezin dut», aitortu du alkateak, bere aldetik. Era berean, Ramon Labayenen figura goraipatu du. «Berea izan zen auditorioa eta kongresu jauregia eraikitzearen ideia», esan du. Bidean izandako zailtasunak ez ditu ahaztu. «Amestu zenetik eraiki arte emandako pausuak ez ziren batere errazak izan», gogoratu du.

Zifrak

Datuei dagokienez, hauexek ekitaldian aletutako batzuk: 10 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu dute 6.700 ekitalditan, eta %78ko okupazio-mailarekin, 1.559 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du Barne Produktu Gordinean. «Kopuru horiei erreparatuz, 25 urteotan, hasierako inbertsioa hogeita bost bider gainditu du Kursaalek Gipuzkoan izan duen eragin ekonomikoak», nabarmendu du Mendozak.

Mende laurden honetako datuak banakatuta, 3.686 bilera egin dira (kongresuak, biltzarrak, jardunaldiak, azokak, etab.), eta 3.014 ikuskizun izan dira guztira. Lehenengoetatik, 608 kongresuak eta konbentzioak dira, eta datu nabarmena da kongresu horien %28 nazioartekoak direla. Tipologiari dagokionez, %42 osasun sektore eta zientifiko-teknologikoari dagokio. Tamainari dagokionez, kongresuen %41ek 400 ordezkari baino gehiago izan dituzte, eta %61 hiru egunez edo gehiagoz luzatu dira.

Bi urtez behin, Gipuzkoako herritarren iritzia jasotzen da galdeketa-inkesta baten bidez. «Azken galdeketaren emaitzen arabera, 10 pertsonatik 8k Kursaaleko ekitaldiren batean parte hartu du, eta inkestatuen %88k positiboki baloratzen dute jauregiaren jarduera, lurraldean eragin ekonomiko eta sozial handia duela aitortuta», adierazi du Goikoetxeak.

«Bertako eta nazioarteko kultur eszenako izen handiak izan dira Kursaalen, eta lehen mailako eszenatoki gisa sendotu dute beren ospea», azpimarratu dute. Horrez gain, hiru jaialdi handiren egoitza da Kursaal: Donostia Zinemaldia, Donostiako Jazzaldia eta Donostiako Musika Hamabostaldia, espainiar Estatuko musika klasikoko jaialdi beteranoena.

Euskadiko Orkestraren abonu denboraldiaren egoitza ere bada Kursaal. 25 urtean 500 kontzertu baino gehiago eskaini ditu.

«Kursaal Eszenako agertokia ere bada, Kursaaleko programazio propioa, kalitatezko eta guztion eskura dagoen kulturaren bermea», esan dute. Sortu zenetik, 761 kontzertu eta ikuskizun eskaini ditu, musika klasikotik hasi eta familientzako programetaraino, baita popa, rocka eta balleta ere, besteak beste.

Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak (kapital publikoa) eta Euskal Herriko enpresa adierazgarrienek (kapital pribatua) eusten diote programazioari.

Ospakizunak

Hainbat dira ospakizunen barruan antolatutako ekitaldiak. Batetik, azaroaren 8an, gala berezi hartuko du auditorioko agertokiak. Pop-dock doinuak eta klasikoagoak entzungo dira. Donostiako Orfeoia, Euskadiko Orkestra, Neomak, Errobi, Idoia, Easo abesbatza, Lasala dantza konpainia eta Arantza Ecenarro sopranoaren partehartzea iragarri dute.

Kontzertu honetarako sarrerak ostiral honetan jarri dira salgai webgunean 45 eta 55 euro bitartean.

Halaber, Kursaalek bat egingo du Boga Boga Festibalaren aurtengo edizioarekin, Jauregiko terrazetan doako kontzertuak eskainiz. Egun berezi hau ospatzeko aukera paregabea da, mende laurden honetan zehar lagundu digun publikoarekin une ahaztezinak konpartituz.

Bi egunetako kartela honako hauek osatzen dute: The Wave Pictures rock talde ingelesak, Primavera Sound kontzertuaren aurretik Donostian izango den Bonny Doon Detroiteko hirukoteak edo Madrilgo Clamores aretoan izango denak, Pipiolas, Nueve Desconocidos,Teo Lucadamo eta Pinpilipussies egongo dira, eta Nize, TOC, Tatta & Denso, Lena eta DJak ere batuko zaizkie.

Doako bisita gidatuetan ere parte hartu ahal izango dute hiritarrek. Uztailaren 20, abuztuaren 3, abuztuaren 18 eta abuztuaren 31 dira egunak. 12.00etatik 23.00etara izango dira doaneko sarrerarekin. Izena emateko, mezu bat bidali behar da tickets@kursaal.eus helbidera edo 943-003000 telefonora deitu.