INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Trumpen mitinean, izua eta otoitzak tiro-hotsen oihartzun gisa

Izua nagusitu da Butler-en (Pennsylvania) Donald Trumpen mitina jarraitzeko bildu den jendetzaren artean tiroak entzun direnean. Nahasmenaren ondotik, hedabideen edota segurtasun neurrien aurka jardun dira batzuk, eta otoitzari lotu dira beste batzuk.


Izua piztu da Trumpen jarraitzaileen artean tiro-hotsak entzun direnan. Askok lurrera bota dituzte euren buruak, eta Zerbitzu Sekretuetako agenteak bizkor joan dira Donald Trump AEBetako presidente oiha babestera.

Hainbat orduz itxaron du jendetzak Trump entzuteko, gogor berotzen duen eguzkiaren azpian. Orain, presidentetzarako hautagai errepublikanoa hitz egiten ari zen atrila kulunka dabil eta mitina entzutera hurbildu diren jarraitzaileen izu oihuak nagusitu dira, babes zerbitzuko agenteek presidente oiha euren gorputzekin estaltzen duten bitartean.

Trumpek zorabiatua dirudi. Txano gorria galdu du. Baina horrek ez dio eragotzi ukabila altxatzea, agenteek ibilgailu beltz handi batera daramaten bitartean.

Kasko babeslea daraman agente batek, arma eskuan, jendetza aztertzen du. ‘USA! USA!’ (‘AEB! AEB!’) diote aho batez jarraitzaileek, Donald Trumpek, oraindik ere ukabila goratuta, eszenatokitik lur orotako ibilgailura gidatzen zuten eskailera apurrak jaisten dituen bitartean. Zaindariek giza hesi bat osatu dute hura babesteko. ‘Ez zaituzte harrapatuko!’, oihukatu du gizon batek, jendetza artetik.

Erin Autenreithek 66 urte ditu, lehen ilaran eserita zegoen mitinean. «Bere parean nengoen», azaldu du. «Berari begira nengoen eztandak entzun direnean, uztailaren 4ko [AEBetan jaiegun nazionala] antzerako zerbait, bang, bang, bang. Denek eszenatokira salto egin, inguratu eta lurrera bota dutenean konturatu naiz entzuten ari ginena benetako tiroak zirela»

«Ondoren, beste pertsona batzuk iritsi dira eta eremua hustu dute», jarraitu du emakumeak: «Elkarrekin hitz egiten hasi dira, jaso egin dute eta berak orduan ‘utzidazu nire oinetakoak eramaten’ esan du». Bere kontakizunaren arabera, horiek izan dira Trumpek tiroketaren ostean esan dituen lehen hitzak. «Eta masailean, eskuineko aldean, odol pixka bat zuela ikusi dut. Biratu denetan konturatu naiz belarritik zetorrela odola, eta orduantxe ukabila altxa du», kontatu du.

Izutik haserrera, eta otoitzera

Trumpek Truth Social sarean zabaldu duenez, «belarriaren goiko aldea zulatu» dio tiroak. Gertaeraren larritasunaz jabetu ahala haserrea hazi da jendetzaren artean eta hautagai errepublikanoaren aldekoak gunearen erdian dauden hedabideak ere iraindu dituzte.

«Goazen», esan du jarraitzaileetako batek. «Hori nahi zenuten, ezta?», esan du identifikatzeari uko egin dion gizon batek. Dozenaka lagunek atzamarrarekin adierazi dute tiroen jatorria izan daitekeen lekua.

Richard Goldinger fiskalak esan duenez, jaurtitzailea mitin esparruaren kanpoaldean zegoen. 

«Goazen, goazen, goazen», oihukatu du Zerbitzu Sekretuetako kide batek, agenteak milaka ikusleak aztertzen saiatzen ari diren bitartean.

«Krimenaren eszena da», gehitu du beste batek. Poliziaren helikopteroa ere hegaka ari da esparruaren gainean, eta ‘lehergailuak’ hitza daraman ibilgailu bat igaro da jendetzaren artetik.

Antolatzaileen aurka ere oldartu da beste jarraitzaile talde bat, segurtasunean hutsegiteak egon direla argudiatuta. «Hau da hau perimetro bat antolatzeko modu bikaina...», esan du emakume batek.

Beste jarraitzaile bat negarrez ari da, kontsolatu ezinda, presidente oiharen osasun egoeragatik galdegiten duen artean.

Trumpen aldekoak belaunikatu eta otoitz egiten hasi dira orduan.

«Jaso dutenean, irudipena izan dut ahalik eta lasterreren eraman nahi zutela eta berak, aldiz, hemen gelditu nahi zuela, ukabila altxa du denek ikus genezan», oihukatu du Blake Marnell, 59 urteko saltzaileak. Bera ere lehen ilaran zegoen tiro-hotsak entzun direnean.

«Egun benetan tristea da gaurkoa», jarraitu du Donald Trumpen mitinetan traje bereizgarri batekin agertzen den gizon honek: presidente oihak hain maite duen etorkinen aurkako hesiko adreiluak imitatzen ditu bere jantziaren estanpatuak.