INFO

Autoen aseguruen prezioak ia %24 garestitu dira azken urtean

Autoen aseguruak ia %24 garestitu dira azken urtean, nahiz eta kostuak egonkortu egin diren 2024ko bigarren hiruhilekoan.

Autoen aseguruak garestitu egin dira. (EUROPA PRESS)

Autoen aseguruen prezioak %23,87 egin du gora azken urtean, nahiz eta 2024an izandako bilakaerak kostuak egonkortu egin direla erakusten duen; 930,39 euro inguruko kuotara iristen dira aseguruak.

Hala erakusten du, behintzat, kelisto.es webguneak astelehen honetan argitaratu duen ‘Auto aseguruaren prezioen indizea’k. Neurketa horrek jasotzen duenez, prezioen arteko alde handiak daude modalitateen arabera; izan ere, hirugarrenei eragindako kalteak estaltzen dituen polizak 446,86 eurora iristen dira; hirugarrenentzako poliza zabaldua, 570,45 eurora, eta frankiziarik gabeko arrisku oro estaltzen duen urteko asegurua 2.663,7 euroan dago.

Adierazle horren arabera, 2024ko bigarren hiruhilekoan prezioak egonkortu egin dira, eta aukera gehienetan atzera egin dute.

Modalitateen arabera, arrisku orotakoa (-%0,71) da gehien jaitsi dena, eta horren atzetik daude oinarrizko aseguruak, hirugarrenentzakoak (-%0,36); hirugarrenentzako poliza zabaldua, berriz, pixka bat garestitu da (%1,25).

Estatu espainiarrean, batez beste, 179,31 euro gehiago gastatu zituzten herritarrek urtean autoko aseguruetan 2024ko apiriletik ekainera bitartean, prezioen garestitzearen ondorioz.

Hilez hileko bilakaerari dagokionez, 2024ko apirilean jaitsi zen gehien kuotaren batez besteko kostua, %4,45 hain zuzen ere. Hirugarrenentzako aseguruak merkatu ziren gehien hilabete horretan, 470 euroko primatik 448,54 euroko primara igaro baitziren (-%4,58).

«Sektoreko beste eragile batzuek ere egonkortze horren berri eman dutela eta inflazioak beste esparru batzuetan hilabeteak daramatzala kontuan hartuta, benetako joera aldaketa baten aurrean gaudela pentsatzeko arrazoiak ditugu», adierazi du Javier Martinez kelisto.es aseguruen bozeramaileak.

Bestalde, Mapfrek kalkulatu duenez, pandemian izandako prezioen beherakadaren ondorioz, 2022an aseguruaren batez besteko prezioa 2015ekoaren antzekoa zen; horrek sektoreko konpainia askorentzat egoera jasanezina eragiten zuen, konpainia horren arabera.