INFO

Sare sozialetan idatzitako mezu batzuengatik zigortu dute iturmendiar bat, kartzela saihestuz

ETAren biktimak «umiliatzea» egotzita, Fani Iturmendiko bizilagunak bi urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna jaso du espainiar Auzitegi Nazionalean izandako epaiketan. Fiskaltzarekin egindako akordio baten ondorioz, kartzelara sartzea saihestu du.

Espainiar Auzitegi Nazionala, Madrilen. (Gustavo Valiente | Europa Press)

Iturmendiko Faniri bi urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna ezarri diote X sare sozialean 2023ko abuztutik 2024ko urtarrilera argitaratutako bost mezurengatik. ETAren biktimak «umiliatzea» egotzi dio Fiskaltzak.

UPN alderdi politikoak jarritako salaketa baten ondorioz hasi zen emakume honen aurkako prozesu judiziala, «terrorismoa goratzea» egotzita, eta Fiskaltzak 2,5 urteko kartzela zigorra eskatu zituen iturmendiarrarentzat. Auzitegi Nazionalak onartu izan balu, espetxeratu egingo zuketen.

Astearte honetan izan da epaiketa espainiar Auzitegi Nazionalean. Defentsaren abokatuak absoluzioa eskatu zuen hasiera batean, baina azkenean fiskalarekin eta akusazioarekin (UPN) adostasunera iritsi dira geratutako onartuta. Horren truke, Fiskaltzak sei hilabetez murriztu du espetxe eskaera, aitorpen berantiarragatik aringarri bat aplikatuta. Ondorioz, azkenean ezarriko dioten zigorra bi urtean eta 2.700 euroko isunean geratu da. Gainera, kargu publikoa izateko 10 urteko inhabilitazioa ere ezarri diote.

X sare sozialean egindako iruzkinetan, akusatuak adierazi zuen ETAk ez zuela bereizi gabeko atentaturik egiten, eta Estatuko egituren bila zihoala.

NAIZek Faniren bikotekidearekin hitz egin du. Kartzela zapalduko ez duelako lasai daudela aitortu duen arren, adierazi du «ez dutela ezer ospatzeko, zigorra egon delako eta bere iritzia jazartua izan delako».

Horregatik, larunbat honetarako aurreikusia zuten mobilizazio deiarekin jarraituko dute, 19.30ean Iturmendiko enparantzan.