INFO

Argentina, Thailandia edota Turkiako zinemagileak, New Directors atalean lehian

Argentinako, Txinako, Estatu Batuetako, Georgiako, Thailandiako, Turkiako eta Estatu frantses eta espainoleko hamaika zinemagilek euren lehen eta bigarren filmak aurkeztuko dituzte Zinemaldiko New Director sailean. David Perez Sañudo da euskal ordezkari bakarra, lehiaz kanpo.

‘Azken erromantikoak’ filmaren irudi bat. (ZINEMALDIA)

David Perez Sañudo gidoilari eta zinema zuzendari bilbotarra ‘Azken erromantiakoak’ filma izango da Zinemaldiko New Directors saileko euskal ordezkari bakarra, lehiaz kanpo. Perez Sañudo aurretik ere izana da Donostiako jaialdian, 2020an Patricia Lopez Arnaiz protagonista zuen ‘Ane’ aurkeztu baitzuen bertan, eta euskal zinemaren Irizar saria eskuratu zuen.

Film haren arrakastaren ostean –bi Goya sari eskuratu zituen, gidoiagatik eta Lopez Arnaizen antzezpenagatik, eta Oscar sarietarako aurrez hautatutakoen zerrendan sartu zen–, Txani Rodriguez idazle laudioarraren ‘Los últimos románticos’ (Seix Barral, 2020) eleberriaren egokitzapena hautatu dute New Directors atalean emateko. Eleberriak Literaturako Euskadi Saria eskuratu zuen, gaztelaniazko literaturaren atalean.

Filmak Miren Gaztañaga eta Maica Barroso ditu protagonista eta osorik euskaraz filmatua izan da, Gernikan batez ere, baina baita Lisboa, Ronda eta Sevillan ere. Kontakizunak Irune (Gaztañaga) du protagonista: joera hipokondriakoak dituen emakume bakartia da, ezagunen zirkulu mugatu batean mugitzen dena. Bere bizitzak goitik beherako aldaketa izango du bularrean koskor bat detektatzen diotenean.

Lehiaketan, jatorri oso ezberdinetako zinema zuzendariak jarri dira New Directors ataleko saria –garaikurra eta 50.000 euro– eskuratzeko bidean. ‘Gülizar / Gulizar’, Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzioa, ezkondu aurretik sexu-eraso bat jasaten duen emakume gazte bati buruzko filma da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea.

Roschdy Zem eta Bella Kim dira ‘Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho’ filmeko protagonistak; Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren lehen filma da, Homesick (2019) film laburraren ondoren zuzendua. Artista frantziar bat Koreara iristean bizitza astinduko zaion neska korear gazte baten istorioa kontatzen digu Frantziaren eta Korearen arteko koprodukzio honek.

‘Eternity’ (2010) filma izan zen Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980) zuzendutako lehen film luzea, eta Busango, Rotterdamgo edo Hong Kongeko zinema-jaialdietan eman zen, besteak beste. ‘Regretfully at Dawn’ zinemagile thailandiarraren bigarren lana da eta, bertan, agure baten, neskato baten eta soldadu gazte baten patuak gurutzatzen dira.

‘Brûle le sang / In the Name of Blood’ Estatu frantsesa, Belgika eta Austriaren arteko koprodukzioa da, Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) lehen lana da. Besteak beste, Nicolas Duvauchelle, Florent Hill-Chouaki eta Denis Lavant dira protagonistak, eta Nizan girotuta dago, non komunitate georgiarreko funtsezko pertsona bat erail duten.

‘Walking in Darkness’ (2019) –Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean estreinatutako filma– zuzendu ondoren, Yongkang Tang zinemagile txinatarrak (Taiyuan, 1983) ‘Stars and the Moon’ lanarekin parte hartuko du New Directors sailean; zuzendariaren bigarren film luzean, mendi-herri bateko haur batek egunak ematen ditu zerura begira, estralurtarrak ikusteko itxaropenez.

Michael Tyburskik (New York, 1984) Sundance zinema-jaialdian egin zuen debuta ‘The Sound of Silence’ (2019) filmarekin, eta ‘Turn Me On’ bere bigarren filmarekin lehiatuko da oraingoan Zinemaldian. Zientzia-fikziozko komedia erromantiko hau pertsona guztiek egunero giza emozio oro desagerrarazteko pilula bat hartu behar duten new age komunitate batean gertatzen da.

Azkenik, bi debut ere erakutsiko dira: batetik, Anton Alvarezen (C. Tangana) ‘La guitarra flamenca de Yerai Cortés’, New Directors sailean emango den lehen filma; eta bestetik, Sandra Romeroren ‘Por donde pasa el silencio / Where the Silence Passes’; bestalde,  ‘La llegada del hijo / The Arrival of the Son’, Cecilia Atan eta Valeria Pivato zuzendarien (‘La novia del desierto’) bigarren film luzea ere emango da.