INFO

Espazio komunitarioak dituen hiri irekia nahi dute biztanleen %80k

BBK Kunaren inkesta berriaren arabera, euskal biztanleek aterpe klimatiko eta azpiegitura berriztagarri gehiagoren alde egiten dute, eta etorkizuneko hirietan presentzia teknologikoa garatzeari buruzko zalantzak adierazten dituzte.

Hirien etorkizunari buruzko inkestaren emaitzen aurkezpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zer elementu aurkitu nahiko genituzke etorkizuneko kaleetan? Prest al gaude gure pribatutasuna sakrifikatzeko segurtasunaren truke? Zer neurritan bultzatzen dugu hiri ireki eta askotarikoak sortzea? Horiek izan dira BBK Kuna Gizarte Berrikuntzako laborategiak ‘Etorkizuneko Hirien’ inkestan herritarrei bota dizkien galderak.

EAEko 1.000 biztanleri egin zaie inkesta, eta etorkizuneko hiria diseinatzen utziko baliete nolakoa izango litzatekeen irudikatzeko eta adierazteko ahotsa eman die proiektuak.

Asteazken goiz honetan izan da emaitzen aurkezpena. Bertan izan dira Nora Abete, Bilboko Udaleko mugikortasun eta jasangarritasun zinegotzia; Kristian Prieto, BBK Kunako arduraduna; eta Braulio Gomez, Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakaslea eta Deustobarometroaren zuzendaria.

«Jendeak hiri berdea, natura handiagoa, auto gutxiago eta gizatiarragoa amesten du. Gehienak ados daude azpiegitura berriztagarri eta eolikoak dituzten hirietan teknologia garatzearekin, baina %70ek ukatu egiten dute etorkizunean aurpegiak ezagutzeko teknologia egotea, segurtasun elektrikoagatik», adierazi du Gomezek laburpen gisa.

Kotxe gutxiago eta garrai publiko gehiago

Izan ere, datuei erreparatuta, natura, kaleak oinezkoentzat jartzea eta garraio publikoa dira euskal herritarrek beren hiri idealean nahiko lituzketen elementuak. Inkestatuen %68,7k zuhaitz eta berdegune gehiago dituen hiri ideal batekin egiten dute amets. %66,2k etorkizuneko hiriek oinezkoentzako kale gehiago izatea espero dute eta %63,8k positiboki balioetsi du garraio publiko gehiago egotea.

Espazio komunitarioak dituen hiri irekia nahi dute inkestatuen %80k. %71,7k nahiko lukete haurrek beren lekua izatea hirietan, eta kalean ume gehiago egotea. Ehuneko hori %81,9ra igotzen da 65 urtetik gorakoen artean. Era berean, euskal herritarren erdiak etorkizuneko hiriak askotarikoak izatearen eta migratzaileak integratzearen alde agertu dira.

10 pertsonatik 7, gutxi gorabehera, etorkizuneko hirietan adinekoen mugikortasuna erraztuko duten gailuak egotearen aldekoa da. Gainera, herritarren erdia baino gehiago etorkizuneko kaleetan euskara entzutearen aldekoa da; eta 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, ehuneko hori handiagoa da, %69,8koa.

Azpiegitura berriztagarriak

Azpiegitura berriztagarriei dagokienez, inkestatuen %67,8k nahiko lukete eguzki azpiegiturak izatea bere hiriaren inguruan. Gainera, erdiei baino gehiagori gustatuko litzaieke hidrogeno berdea ekoizteko plantak egotea eta biomasa bezalako energia iturri berriztagarriak.

Testuinguru horretan, 10 pertsonatik 7 prest egongo lirateke zerga gehiago ordaintzeko etxebizitza guztien klimatizazioa finantzatzeko, eta hirutik 2 inguru aterpe klimatikoak eta eskaripeko garraio publikoa finantzatzeko gehiago ordaintzearen aldekoak dira.

10 pertsonatik 9 birziklatzen duten erabiltzaileak saritzearen aldekoa da. Halaber inkestatuen %83,1ek amesten dute etorkizuneko edukiontziak sentsorizatuta egotea materialak detektatu eta bereizteko, eta %67,1ek uste du herritar bakoitzak sortutako hondakinen kopuruaren arabera ordaindu beharko lukeela.

Hiritik zer kenduko luketen galdetuta, euskal gizartearentzat elementurik kengarriena autoak dira, izan ere, 10etik 6k gutxiago egotea nahiko luke.

Herritarren %28,6ri gustatuko litzaioke etorkizuneko hirietan turismo gutxiago egotea, baina alde handia dago lurraldeen artean. Gipuzkoan ehuneko hori %39,5era igotzen da, baina Araban %16,3k soilik partekatzen du ideal hori.

Teknologia, segurtasuna eta pribatutasuna

Etorkizunari begira sortzen ari diren joeren artean, BBK Kunaren inkestaren arabera, euskal gizartearen erdia prest egongo litzateke pribatutasuna eta anonimotasuna galtzeko, segurtasun eta delituen prebentzio handiagoa izatearen truke. Hala ere, 55 eta 64 urte bitarteko helduen artean ehuneko horrek behera egiten du, ez baitaude horretarako hain prest, eta %40,5ek ez lioke uko egingo pribatutasunari.

Gainera, herritarrek zalantzak dituzte etorkizuneko hirietan presentzia teknologikoa garatzeari buruz. %70i ez litzaioke gustatuko etorkizuneko hirian aurpegia ezagutzeko teknologia egotea kaleetan, eta %80ri ez litzaioke gustatuko dronak hegan ikustea gure segurtasuna zaintzeko.