INFO
Elkarrizketa
John Cabang
Atleta

«Bi urtez ez naiz gelditu ere egin, lehiatzen ibili gara, baina lanak fruituak ekarri ditu»

Puntuen sailkapenaren bitartez sailkatu da John Cabang (2001, Irura) Olinpiar Jokoetarako. Filipinako selekzioarekin lehiatuko da 110 metro hesietan, abuztuaren 4an. Azken asteetan izan duen lesio bat tarteko ez du nahi bezainbeste findu prestakuntza. Asmoa finalerdietara sailkatzea da.

John Cabang, Iruran. (Jon URBE | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Filipinetakoa da jaiotzez John Cabang, baina 3 urterekin Irurara joan zen, eta geroztik bertan bizi da. Hesiak gustatzen zaizkio, nahiz eta proba hori egiteko ohi baino garaiera baxuagoa duen. «Txikia naiz, eta teknikoki oso ona izan behar naiz. Hutsen bat eginez gero, lasterketatik kanpo geratzen naiz». Zailtasun hori gustuko du Cabangek.

22 urte besterik ez ditu, eta estreinakoz Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du. Espainiako selekzioari uko egin, eta iaz lehiatu zen aurrenekoz Filipinetako selekzioarekin. Joan den maiatzean 110 metro hesidunetan Euskadiko errekorra birrindu zuen, bai eta Filipinetakoa ere: 13 segundo eta 37 ehunen. Pista estaliko Asiako Txapelketan, 60 metro hesietan, brontzezko domina kolkoratu zuen.

Nola doaz azken aste hauek?

Ondo, gehien bat urduri, baina lasai nago. Behin barruan egonda, gorputzak lasaitasuna sentitzen du.

Atletismoan dagoen zitarik garrantzitsuenera joango zara. Zer esan nahi du zuretzat Olinpiar Jokoetarako sailkatzeak?

Azkenean lan dezente egin dugu. Aurreko urtetik ez gara gelditu. Bi urtez ez naiz gelditu ere egin, lehiatzen ibili gara etengabe, baina lanak fruituak ekarri ditu; beraz, ondo sentitzen naiz.

Aipatu duzu azken bi urteak gogorrak izan direla, baina beharbada azken laurak ere bai?

Iaz joan nintzen aurrenekoz Filipinetako selekzioarekin, eta orain dela lau urte oraindik gaztea nintzen, eta ez nituen ezta hesi hauek ere saltatzen.

Uztaila hasieran jakin zenuen Pariserako txartela lortu zenuela. Nola joan ziren egun horiek? Berez, 110 metro hesietako marka ez zenuen lortu, 13 segundo eta 27 ehunen, baina oraindik ere oker ez banago Asiako gonbidapenen esperoan zeuden.

Gonbidapenengatik ez zen izan, puntuen sailkapenarengatik baizik. Gutxieneko marka 25 atletek egin zuten, eta 40 atletentzat lekua dago. 28. postuan nengoen rankingean. Beraz, horregatik joango naiz. Pixka bat urduri nengoen, bagenekien sartu egingo nintzela, baina zerrenda ofiziala atera arte, urduri nengoen.

«Azken bi aste hauek antsietatearekin egon naiz, lehiatu egin behar nuen, eta gauzak ez zitzaizkidan ateratzen. Baina orain lasai nago»

Eta zerrendan zure izena ikusi zenuenean?

Hor jada lasaitasuna. Nire entrenatzailearekin hitz egin nuen, batez ere nola entrenatuko genuen zehazteko. Azken bi aste hauek antsietatearekin egon naiz, lehiatu egin behar nuen, eta gauzak ez zitzaizkidan ateratzen. Baina orain lasai nago.

Zure errekorra 13 segundo eta 37 ehunenekoa da. Joan den maiatzaren 8an lortu zenuen, Euskadiko errekorra birrinduta, baita Filipinakoa ere. Marka oso ona da zuretzat?

Bai, oso ona da, baina badakigu pixka bat gehiago eman dezakedala. Handik bi asteetara, 13 segundo eta 38 ehuneneko egin nituen. Beraz, bi aldiz zutoin berdinera jota, gol bat sartu beharko dut.

Hirugarrenean asmatzen dela esan ohi da. Hirugarrena Parisen izan dadila?

Bai, hori da. Espero dut hala izatea.

Atletismoan ehunenekoak jaistea zaila izaten da. Azken aste hauetan lanketa berezia egin duzu ehuneneko horiek jaisteko?

Lesio batekin nabil, jada buelta ematen, baina entrenamenduetan ezin izan dut findu. Hala ere, indartsu sentitzen naiz; Parisen borrokatzeko moduan egongo naiz.

Zein lesio izan duzu?

Faszitiisa eduki nuen, oinekoa. Baina bueltan nago, oraindik zertxobait minduta dut, baina bueltan nago.

Nolakoa izan da Olinpiar Jokoetara sailkatzeko bidea?

Iaz oraindik bagenuen ametsa Olinpiar Jokoetara joateko, baina hori zen, amets bat. Gero urte bukaeran uztailean eta urrian bi lehiaketa oso on izan nituen Asiako Jokoetan eta Asiako Txapelketan. Hor ametsa beharrean helburua bihurtu zen. Hortik hasi ginen uztailean, eta aurten txapelketa asko izan ditut pista estalian, hirugarren geratu nintzela, eta Munduko Txapelketak. Ondoren, Filipinetako Txapelketan izan naiz, eta batez ere horrek eman zidan Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aukera.

Filipinetako selekzioarekin lehiatzen hasi zinen iazko otsailean.

Hor nahiko urduri nengoen, Asiako Txapelketan nazioarteko lehenengo lehiaketa zen. Gainera, jendeak ez zekien ingelesez, beraz, hitz egiteko pixka bat zaila nuen. Hamargarren geratu nintzen, eta horrek eskarmentua eman zidan.

Horrez gain, aurten Asiako Txapelketan aritu zara, kasu honetan 60 metro hesietan, eta hor zure marka pertsonala ondu duzu, 7 segundo eta 64 ehunen. Brontzezko domina lortu duzu.

Bai, gainera hor ere bai nahiko bi aste txar eduki nituen. Antsietatearekin nengoen, eta horrekin azkarrago korritu nahi nuela... Ez ziren asterik onenak izan. Kirol psikologoarekin lan asko egin nuen, eta irabaztea joan nintzen. Horrela atera nuen marka hori.

Bi urte hauetan, zenbakiez eta markez harago, zertan gozatu duzu gehien?

Garrantzitsuena entrenamenduak izan dira. Hor sentitu naiz momentu onenean, baina beti hor dago txapelketa bat irabaztea edo txapelketa handietan parte hartzea. Hori dut gustukoen, izan ere, oso lehiakorra naiz, eta asko gustatzen zait lehiatzea.

«Txikia naiz, eta teknikoki oso ona izan behar naiz. Hutsen bat eginez gero, edo hesi bati emanez gero, lasterketatik kanpo geratzen naiz. Baina zailtasun hori gustuko dut»

Hesien proba gustatuko zaizu gehien. Zer dute hesiek?

Txikia naiz, eta teknikoki oso ona izan behar naiz. Hutsen bat eginez gero, edo hesi bati emanez gero, lasterketatik kanpo geratzen naiz. Baina zailtasun hori gustuko dut.

Parisera joateko maleta prest duzu?

Hemendik aste batera edo joango naiz, eta oraindik ez dut prest maleta. Azken unean egiten duen horietakoa naiz.

Aldartez nola ikusten duzu zeure burua?

Ondo. Bereziki azken aste hau nire entrenatzailearekin, kirol psikologikoarekin, fisioarekin eta medikuarekin lanean egon naiz, eta jada buelta ematen ari gara. Geroz eta indartsuago ikusten dut neure burua, eta horrek konfiantza ematen dit.

Zein asmorekin joango zara?

Lehenengo gauza izango da disfrutatzea, eta gero badaude beste helburu batzuk. Nire marka pertsonala egitea, eta finalerdietarako sailkatzea. Baina kontua zaila dago eta ea zer moduz joaten den.

Lehen kanporaketan 40 parte hartzaile izango zarete. Horietatik 24 finalerdietara pasatuko dira.

Ondo joaten bada, uste dut pasako naizela, baina dena ondo joan behar du.