INFO

‘Miyagibertsoak’ aurrera darrai

COBRA KAI (6.DENBORALDIA)
AEB. 2018-gaur egun. Zuzenda.:
Josh Heald, Jon Hurwitz.Gidoi.: Josh Heald, Jon Hurwitz, Hayden Schlossberg.
Aktor.: Ralph Macchio, William Zabka, Courtney Henggeler, Xolo Maridueña. Musika: Leo Birenberg, Zach Robinson. Plataforma: Netflix.

'Cobra Kai' telesaileko une bat. (NETFLIX)

‘Cobra Kai’ telesailak 1984ko ‘The Karate Kid’ filmeko protagonistak jarraitzen ditu, telesail formatuan eta hogeita hamalau urte geroago. 2018an YouTube Premium plataforman estreinatu zen eta bertan eman ziren lehenengo bi denboraldiak. Izan zuen arrakasta ikusita, Netflixek telesailaren eskubideak eskuratu zituen, eta hirugarren denboralditik aurrerako guztiak bertan eman zituzten.  

Seigarren denboraldia iritsi da Netflixera baina, ulergaitza iruditzen zaidan erabaki baten ondorioz –ez da lehen aldia hau egiten dutela–, ez da denboraldi osoa eskainiko. Ostirak honetan seigarren denboraldiaren lehen zatia iritsiko da, bigarren zatia azaroan eta azken zatia, aldiz, 2025ean.

‘Miyagibertsoa’

‘Karate Kid’ unibertsoaren barruan jaio diren proiektu guztien batura ‘Miyagibertso’ bezala ezagutzen da. Miyagi jauna, ‘Karate Kid’ filmetan Pat Morita aktoreak antzeztutako fikziozko karate maisu ahaztezina izan zen. Aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Morita, lehen filmean egindako lanagatik.

Morita 2011an zendu zen 86 urterekin eta, ezbehar hori ‘Cobra Kai’ telesailean aipatzen da. Daniel-en pertsonaiak Miyagiren hilobia aldizka bisitatzen du eta oroitzapen hori mantentzea oso garrantzitsua da pertsonaiarentzat.

«Zoragarria da Miyagiren ondarea partekatzea; gaur egun ere berari buruz hitz egiten dugu filmatze egunetan. Bere espirituak bizirik jarraitzen du platoan», adierazi du Ralph Macchio aktoreak elkarrizketa batean.