INFO

Valentin de Zubiaurreren ‘Itsasoaren biktimen alde’ obra Itsasmuseumera iritsi da

Valentin de Zubiaurreren ‘Itsasoaren biktimen alde’ margolana, ‘Obra Gonbidatua’ programaren zazpigarrena, aurkeztu dute gaur Bilboko Itsasmuseumen.

Valentin Zubiaurrern ‘Itsasoaren Biktimen Alde’ obra. (Itsasmuseum)

Miriam Alzuri Arte Ederren Bilboko Museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak eta Leixuri Arrizabalaga Itsasmuseum Bilbaoren presidente eta  Kultura foru diputatuak ‘Obra Gonbidatua’ programaren zazpigarren edizioan Valentin de Zubiaurre margolariaren ‘Itsasoaren biktimen alde’ margolanaren lagapena aurkeztu dute ostiral honetan.

‘Itsasoaren biktimen alde’ lanean, Zubiaurrek behin eta berriz errepikatzen den kostaldeko Ondarroako hiribildua marraztu zuen, komunitatearen solemnitatea eta samina atzeman zituen itsasoan hildakoen aurrean, herriaren tragedia eta elkartasuna nabarmentzen dituen atmosfera ilun bat sortuz.

Valentin de Zubiaurre margolari eta marrazkilaria euskal gai herrikoi eta tradizionalen pintura kostunbristagatik izan zen ezaguna. Bizkaitar jatorria erabakigarria izan zen bere artearen eta estiloaren eraketarako. San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademian ikasi zuen. Frantziarako, Italiarako eta Herbeheretarako bidaiekin modernismoaren eragina jaso. Bere ibilbidean zehar, hainbat galeriatan erakutsi zituen bere artelanak eta zenbait sari jaso zituen, XX. mendeko espainiar Estatuko panorama artistikoan nabarmendutako artista gisa sendotuz.

Bere estiloaren ezaugarri nagusiak errealismo zehatza eta kolore-paleta soila dira, nekazal eta itsas munduan eta sinbolismoz beteriko Euskal Herriko eta Gaztelako eguneroko bizitzako eszenetan ikuspegia duena. Bere koadroek, askotan, pertsonaia hieratikoak dituzte lehen planoetan, itsasoko edo mendiko euskal paisaien hondoekin, eta atmosfera malenkoniatsuak eta misterioz beteak sortzen dituzte.

Obra Gonbidatua programa

Obra Gonbidatua programak lankidetza-esparru bat ezartzen du Arte Ederretako Bilboko Museoaren eta Bilboko Itsasmuseumaren artean. Esparru hori 2018an hasi zen bi helbururekin. «Alde batetik, Bilboko Itsasmuseumaren erakusketa-proposamenari dinamismoa ematea eta, bestetik, bere aretoetan ehun urtetik gorako Bilboko pinakotekako obra bereziak berriro testuinguruan jartzea, betiere itsasoari eta Bizkaiko itsas historiari beste ikuspegi bat eskainiz», azaldu dute museotik.

Zubiaurreren lana hurrengo hilabeteetan Bilboko Itsasmusemen egongo da ikusgai, itsas salbamendurako, sinesmenetarako eta teknikaren aurrerapenetarako gunean. «Leku aproposa da lana ikusgai jartzeko, izan ere, itsasoan hil diren eta oraindik ere hiltzen diren pertsona guztiei omenaldia egin nahi dien obra bat delako», adierazi dute.

Programari zabalkundea emateko asmoz, obra bat Itsasmuseumen ibiltaritza-programa honen babespean erakusten den bakoitzean, hitzaldiak antolatzen dira Arte Ederren Bilboko Museoko arduradun-taldearen eskutik.