INFO

Aste Nagusirako atzera kontaketa hasi du Bilbok Konpartsakide Egunarekin

Konpartsakidearen Egunak larunbat honetan hasi du Bilboko Aste Nagusirako kontaketa, bilbotar guztiei zabaldutako festa egunarekin. Erakutsi dute badela «modu berezi bat» Bizkaiko hiriburuko jaiak bizitzeko, eta konpartsetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Konpartsakide Egunean egitarau zabala antolatu dute Bilboko Areatzan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Giroa bero dago Bilbon: hilabete eskas falta da Aste Nagusiko festa lehertu dadin eta, urtero bezala, hiriko konpartsakideak arduratu dira atzera kontaketa abiatzeaz. Larunbat honetan ospatu dute Konpartsakide Eguna.

Abuztuaren 17an piztuko da Arriagan Bilboko festa handia hasiko duen txupina, baina aurten ere leherketa ofizialari aurrea hartu diete konpartsakideek. Areatza inguruan batu dira guztiak, bilbotar guztiei, konpartsakide izan ala ez, larunbat berezi batez gozatzeko aitzakia ematera. Egitarau zabala antolatu dute horretarako: nola ez, jan-edanarekin hasi dute eguna; pintxo lehiaketa, barazki eta sagardo banaketa eta ardo dastaketa. Txikienek ere sukaldari lanetan ibiltzeko aukera izan dute Gastrotxiki ekimenarekin, eta lanak bukatu ostean, elkar ezagutzeko jolasak zituzten zain, dena konpartsakideek prestatuta.

Bazkalondoa, berriz, bingo musikatuarekin igaro dute konpartsakideek, eta musika eta kalejirarekin amaitu dute eguna, DJ Reimyren eskutik.

Aste Nagusirako arra pizteaz gain, konpartsakideek lagun berriak errekrutatzeko baliatu ohi dute egun hau. Hala, adierazi dute konpartsen baitan badela modu «oso berezi bat» Bilboko jai handienak bizitzeko, eta artean kide ez den orori parte hartzeko gonbitea luzatu diote.