INFO
Elkarrizketa
Ander Elosegi
Piraguista ohia

«Euskal piraguistek emaitza onak lortzeko aukerak dituzte eta afizioa egiteko momentua da»

Duela urte bete pasatxo igaro da Ander Elosegik (Irun, 1987) goi mailako piraguismoa utzi zuenetik. Bere palmaresean, besteak beste, lau Olinpiar Jokoetan lehiatu izana agertzen da. Ez hori bakarrik: C1 eslalom modalitatean lau diploma irabazi ditu. Orain, ordea, kanpotik jarraitzen du kirol hau.

Ander Elosegi, Irungo Santiagotarrak taldeko egoitzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Piraguismoa, Olinpiar Joko garaietan, euskaldunoi poztasun ugari eman dizkigun kirola da. Aurten, Paris 2024ko hitzorduan, Maialen Chourraut, Pau Etxaniz, Miren Lazkano eta Begoña Lazkano izango ditugu. Azken lau Jokoetan aipatzea ohituta geunden beste izen bat ere hor dago, airean, baina lehiaketatik kanpo: Ander Elosegi.

Irundarrak edozeini enbidia emango liokeen palmaresa eta ibilbidea du. Lau Jokoetan aritu eta lautan diploma lortuta itzuli zen etxera. Orain, ordea, gorputzak oraindik ez diola eskatzen piraguan ibiltzea aitortzen du. Hala ere, inork baino gaitasun gehiago du kirol honi buruz eta oraindik aktiboan dauden euskal palistei buruz hitz egiteko. Esaterako, eskarmentu handia duen Maialen Chourrautekin entrenamendu eta lehiaketa ordu asko pasa ditu elkarrekin. «Zorte pixka batekin» euskal dominaren bat iragartzen du eta, euskal piraguismoak bizi duen «momentu ona» present izanda, aprobetxatu behar dela azpimarratu du.

Dagoeneko urte bat baino zertxobait gehiago pasa da goi mailako piraguismoa uzteko erabakia hartu zenuenetik. Zer moduz doa bizitza berri hau?

Ondo, ondo. Ezberdina, baina orain arte ondo.

Faltan botatzen al duzu lehiarako grina hori?

Ez nuen faltan botatzen, baina behin lehiaketak hasi direnean eta nire kide ohiak ikusi ditudanean lehian, enbidia pixka bat ere eman didate, baina pentsatuz normala dela.

Dena den, askotan aipatu izan duzu ez duzula zure bizitza piraguarik gabe ulertzen. Lehian akaso ez, baina suposatzen dut jarraituko duzula bestelako planak egiten.

Ba egia esan, nahiko utzia daukat. Gorputzak oraindik ez dit eskatzen piraguan ibiltze hori, baina argi daukat momenturen batean gogoak iritsiko direla eta berriro sartuko naizela piragua batean. Lehiatzeko ez, noski, baina disfrutatzeko pixka bat.

Oraingoz, beraz, lasai zaude piragua gabe.

Bai, hori da. Ez dut beharrik. Orain, udara partean lehiatzen hasi direla, gustatzen zait ikustea, baina gorputzak ez dit eskatzen momentu honetan.

Ikustea gustatzen zaizu, laster ditugu Parisko Olinpiar Jokoak. Oporretan egongo zara, baina hauek jarraitzeko asmoa al duzu?

Bai, noski. Olinpiar Jokoak gainera beti dira lehiaketa berezi bat eta ikusteko oso polita izan ohi da. Aurtengoak ere halakoak izango dira eta ikusiko ditut, noski.

Maialen Chourraut, Pau Etxaniz, Miren Lazkano, Klara Olazabal eta Begoña Lazkano bertan izango ditugu. Ordezkaritza zabala dugu piraguismoan; beraz, bada aitzakia hauei jarraitzeko, ezta?

Bai, bai, noski. Eta nik uste dut emaitza onak lortzeko aukerarekin daudela denak eta ea zorte pixka batekin pozen bat ekartzen diguten etxera.

Poztekoa ere bada hainbeste euskaldun maila gorenean ikustea, ezta?

Bai, eta esan beharra dago, piraguismo munduan, azken Olinpiar Joko hauetan sumatu da maila oso altua dela. Nik uste dut boladak direla, aprobetxatu beharra dagoela, eta noski, afizioa egiteko momentua ere badela.

«[Maialen Chourraut] Azken lau Olinpiar Jokoetako eskarmentuak uste dut lagunduko diola eta hori beti da puntu bat. Domina lortzeko borrokan seguru ibiliko dela»

Maialen Chourrauten kasuan, bere bosgarren hitzordu olinpikoan dago. Hau ez da nekatzen. Ez dakit berarekin harremanetan izan zaren azken denboran. Nola ikusten duzu?

Ba egia esan, ez dut aspaldian ikusi, ez naiz berarekin egon. Ikusi dut lehiatzen azken egun hauetan eta argi dago maila emango duela. Azken lau Olinpiar Jokoetako eskarmentuak uste dut lagunduko diola eta hori beti da puntu bat. Domina lortzeko borrokan seguru ibiliko dela.

Zure kasuan, lau hitzordu olinpikotan izan zara, dominarik ez baina lau diploma C1 eslalom modalitatean. Guztia ez da Olinpiar Jokoetara mugatzen, palmares ederra duzu bestela ere. Zure agur prentsaurrekoan aipatu zenuen dena eman zenuela eta ez dagoela besterik, baina hotzean, denbora bat pasata, geratzen al zaizu dominaren arantza hori?

Bai, baina domina olinpikoa beti delako amets eta helburu bat. Nire kasuan, gertu ibili nintzen pare bat aldiz, baina ez zen gertatu. Orain pentsatu dezaket "hau egin izan banu edo beste hau"... Bai, arantzatxoa badudala? Izan daiteke. Hala ere, ez naiz horrekin gehiegi kezkatzen. Nik egin nuenarekin oso gustura nago, orain bukatu da. Ez daukat inongo arazorik horrekin.

Orokorrean, zure ibilbidean lortu duzun dena lortuta, pentsatzen dut asebeteta hartu zenuela uztearen erabakia.

Bai. Nire azken denboraldian ikusi nuen kostatzen zitzaidala gero eta gehiago. Momentu batean oso argi ikusi nuen uzteko momentua zela. Uste dut momentu hori egokia izan zela, iritsi zitzaidalako momentua eta lixto. Egia esan, ez naiz damutzen. Oso ibilaldi polita izan dut, asko disfrutatu dut, asko ikasi dut eta uzteko momentua beti da gogorra; kirolari guztiok dakigu momentu hori iritsiko dela noizbait, baina beti da gogorra. Nire kasuan, momentu egokia izan zen hori eta halaxe. Orain kirolaz disfrutatzea, baina beste puntu batetik.

Elosegi, erdian, bere agurraren egunean lagunak alboan dituela; horietako bat, eskuinean, Maialen Chourraut olinpikoa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ez damutzearen adierazlea da oraindik ere piragua ez duzula hartu.

[Barre egiten du] Bai, izan daiteke. Jendeak pentsa dezake nazkatuta bukatu nuela, baina egia esan ez. Gustatzen zait ikustea, segitzen ditut nire aurka ibili direnak eta gaztetxoak nola datozen ikustea gustatzen zait. Eta egia esan, lehiaketak segitzen ditut. Lehen esan dudan bezala, gorputzak ez dit eskatzen egite edo praktikatze hori, baina jarraitzen dut eta hala dirau.

Lau aldiz izanda Jokoetan kasik errutina bihurtu zela zuretzat. Zein oroitzapen dituzu Olinpiar Jokoetako egonaldietatik?

Denetatik. Oroitzapenak dira batzuk oso politak, momentu oso bereziak direlako, lehiaketa oso berezia da, lau urtean behin egiten den ekitaldi handi bat. Aldi berean, momentu gogorrak, tentsio handiko momentuak direlako, prestakuntza luze baten amaiera iritsi delako eta hor erakutsi behar duzulako zer ikasi duzun eta noraino iristen zaren. Momentu onak beti dira momentu txarrak edo gogorrak, baina handiagoak. Milaka istorio daude kontatzeko. Oso oroitzapen politak, bai lehenengo Jokoetatik eta bai azken Jokoetatik. Denak dira bereziak bere moduan.

«[Olinpiar Jokoak] Oso lehiaketa berezia da, jende askok du helburu lehiaketa horretan parte hartzea eta jende asko ez da iristen. Munduan maila oso altuko jendea saiatzen da eta asko ez dira iristen. Perspektiba hori edukita beste modu batera baloratzen da»

Hor barruan egonda, akaso bat ez da guztiz ohartzen edo normaltasun puntu batekin biziko dira Jokoak bere berezitasunean. Egia da ez dela denbora asko pasa, baina orain beste modu batera baloratu edo asimilatzen da urte guzti hauetan egindakoa?

Pentsatzen dut agian momentu hori oraindik ez zaidala iritsi. Nire lehenengo Jokoak oso gazte hartu nituen, bere naturaltasun horretan saiatu nintzen eramaten eta hurrengo guztiak ere naturaltasun horretan eramaten saiatu naiz. Egia da, gero oso lehiaketa berezia dela, jende askok duela helburu lehiaketa horretan parte hartzea eta jende asko ez dela iristen. Munduan maila oso altuko jendea saiatzen da eta asko ez dira iristen. Alde horretatik, perspektiba hori edukita beste modu batera baloratzen da. Nire kasuan, lautan parte hartu dut eta denetan saiatu naiz naturaltasunez hartzen. Galdera hori nahiko zaila egiten zait batzuetan erantzutea.

Denborarekin agian hausnarketa gehiago izango duzu edo denbora bat pasata argiago izango dituzu gauzak. Lehen aipatu duzu afizioa egitea edo piraguarekiko afizioa handitu egin dela. Ez dakit, olatu hori aprobetxatu behar den eta kasu honetan ere, ikusita euskal ordezkari asko ditugula, horrek ere eragin al du olatu hori handitzen, nolabait esatearren?

Nik uste dut baietz. Noski, emaitza onek beti ekartzen dute prentsan oihartzun zabalagoa eta horrek, aldi berean, haurrak eta gazteak animatzen ditu batez ere kirola ezagutzera eta gero praktikatzera. Nolabait bola bat egiten du, gero eta jende gehiagok egin, maila ere handiagoa da eta nik uste dut orain euskal piraguismoa oso momentu onean dagoela, badagoelako afizio hori, emaitzek ere beti laguntzen dute. Aprobetxatu beharreko momentua dela oso argi ikusten dut.