INFO

Selekzioaren afera Nicoren garaian, ez Inaxiorenean


Sentipen kontrajarriak izan ditut joan den astean, sanferminek eta Eurokopako azken txanpak bat egin dutela. Euskara barra-barra Iruñeko kaleetan, euskal musika nagusi Gazteluko Plazako agertoki nagusian (eta TVE-1eko entzierroen emisioan), euskal ikurrak leihoetan (Palestinakoak ere bai), “Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak” nonahi, dena era naturalean UPNren salbuespen-garaiaren ondoren. Eta aldi berean, Euskal Herriko kaleetan, Iruñean gutxiago akaso zeregin hobeak zituztelako, Espainiak Alemanian jokatu dituen norgehiagoketan «gooool» oihuen burrunba berri deigarria, elastiko gorriak tabernetako terrazetan, kanta bat edo beste…

Hain ongi gaude? Hain gaizki?

Erretxinduta topatu ditut abertzale asko, suminduta. Inaxio Kortabarriak eta Joxe Angel Iribarrek ikurrina atera zutenekoa ikusi dut sare sozialetan, oraingo futbolarien jarrerarekin alderatuz. Ez gaude, ordea, 1976an. Beste 24 urte eman zituen XX. mendeak, eta beste 24, oraingoak. Euskal gizartea eraldatu egin da, guztiak bezala, zenbaitetan onerako eta zenbaitetan txarrerako. Ondare batzuek sutsu diraute, beste batzuk makal, eta beste hainbat hustu egin dira.

Gaur egungo errealitatea hartu behar da edozein analisiren oinarri gisa, ez atzokoa, biharkoan asmatu nahi bada. Bi aldagai, bereziki, zeharo aldatu dira. Baga, identitate mailan talka armatuak berez zekarren konfrontazio politiko maila ez da bideragarria gaur egun; gure belaunaldia Espainiaren aurkakotasunean hazitakoa zen gehienbat, nola ez, eta oraingoa Euskal Herriaren aldekotasunean hazi beharko da gehienbat, eta ariketa zailagoa da hori. Biga, identitatearen afera ezinbestean nahasiagoa da egun: Nico Williams ez da Inaxio Kortabarria, ezin du izan, Ghanatik etorritako familia baten semea da, Iruñean jaio eta Bilbon bizi dena, baina bihar, agian, Bartzelonan edo Manchesterren edo Abu Dhabin, erdaldun hutsa, Tik-Tokzalea.

Kontrakotasunetik abertzaletasuna lantzerik ez bada, aldekotasunetik egiteko indarrak biderkatu behar dira

 

Hortaz, jai du euskal selekzioak? Bereak egin du? Ez, baina lozorrotik atera eta partida jokatu beharra dago, besteen garaipen edo porroten zain egon gabe. Kontrakotasunetik abertzaletasuna lantzerik ez bada, aldekotasunetik egiteko indarrak biderkatu behar dira. Militantzia politikoa apaldua den aro honetan, gure seme-alabek nekez jantziko dute elastiko berdea estadioetan ikusten ez badute. Futbolariei dagokienez, Nico ez, baina Iñaki anaia Mendizorrotzan ikusia dut euskal selekzioarekin lehian, Venezuelaren aurka. Eta aurten San Mamesen jokatu zutenek ofizialtasunaren aldeko pankarta atera zuten, betiko legez; ez zeuden hor denbora-pasa hutsean edo beren kirol curriculumean beste lerro bat idazteko asmoz bakarrik.

Lisboan nengoela, Portugal eta Georgiaren artekoa bizitzea tokatu zitzaidan. Portugaldarrak harro ziren beren izar multzoarekin; georgiarrak harroago, jokatzeko aukera hutsarekin, mundu aurrean agertzearekin. Itzela da futbolak identitate mailan mugitzen duena, eta Euskal Herrian ez gatzaizkio azken urteotan duen garrantzia ematen ari. Eta hala ere, Uruguairen aurkako hitzorduak, zailtasun guztien gainetik, borroka berrartzeko osagaiak daudela erakutsi zuen: konpromisoa (Jagoba Arrasaterengan gorpuztua), jendea (30.000 ikusle), aliatuak (Marcelo Bielsa jauna ez da edonor)... Aurrera bolie ba. •