INFO

EHUk Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu du «beharrei erantzuteko»

Emakumezko katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa % 40 ingurukoa izatea, TEKAZEL langileen A mailako emakumeen ehunekoa bat etortzea, gutxienez, kolektibo horretako emakumeen guztizko ehunekoarekin eta soldata arrakala erdira murriztea dira markatutako helburuetako batzuk.

EHUk Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu du. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

EHUk Berdintasunerako Plan berria aurkeztu du gaur, era horretako laugarrena, eta 2028ra arte egongo da indarrean. Plana aurkeztu du Eva Ferreira García errektoreak, Aitor Zurimendi Isla idazkari nagusiak eta Elena Leiñena Mendizabal Berdintasunerako zuzendariak lagunduta.

Euskal unibertsitate publikoaren Berdintasunerako Plan berriaren xedea «diagnostiko txostenek nabarmendu dituzten beharrei erantzutea» da eta «gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala txikitzea». Azaldu dutenez, planak 5 ardatz ditu: Prestakuntza; Ikerketa; Gizartea eta Kultura; Pertsonak; Gobernantza eta Baliabideak. Baita 79 jardun lerro, eta 40 adierazle, lerro horien eraginkortasuna neurtzeko.

Plan honek hainbat helburu nagusi markatu ditu: Emakumezko katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa % 40 ingurukoa izatea; TEKAZEL langileen A mailako emakumeen ehunekoa bat etortzea, gutxienez, kolektibo horretako emakumeen guztizko ehunekoarekin; Soldata arrakala erdira murriztea; TEKAZEL langileen % 10 telelanean aritzea, eta urrutiko lanaren aukera ematea; eta prestakuntzan eta ikerketan erreferente izaten jarraitzea euskal gizartean, bai eta «genero indarkerien aurkako borrokan ere, protokoloa indartuta. Bereziki, bokazio zientifikoak sustatzea nesken eta emakumeen artean, rolak deseraikiz, STEAM diziplinetan dagoen hesi bikoitza murriztuta».

Gaurko ekitaldian Ferreirak goraipatu egin du plan hau martxan jarri izana: «Gobernu Kontseiluaren babes osoa izan du, eta plana onartu da berdintasunaren aldeko ekimenek bultzada berezia izan duten aste baten testuinguruan». Zentzu horretan EHU «genero politiketan funtsezko erreferentea» dela baieztatu du. «Genero indarkerien aurkako haren protokoloa inspirazio iturri izan da antzeko egitasmoetarako unibertsitate askotan. Era berean, aniztasunari dagokionez, LGTBI+ tematikako lanak sustatzen ditugu, eta pertsona transen eta ez-bitarren izena aldatzeko protokoloa onartu dugu», adierazi du.

Berdintasunerako plan berria unibertsitatean berdintasuna aztergai izan duen diagnostiko xehe batetik abiatu da. «Non gauden jakin, non egon nahi dugun 2028an planifikatzeko». Hala, jakinarazi dutenez baieztatu egin da bere horretan jarraitzen duela diziplinen arteko genero arrakalak. Emakumeak nagusi dira Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Zientziei loturiko diziplinetan; gutxiengoa, Zientzia, Teknologia eta Ingeniaritza arloetan. Lan kategoria altuenetan, gutxiengo nabarmena dira (katedradunen % 22,7, adibidez), eta hori gertatzen da irakasle-ikertzaileen artean ez ezik, baita TEKAZEL langileen artean ere (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak). Soldata arrakala ere mantentzen da: emakumezko langileek gizonek baino % 7 gutxiago irabazten dute. Gobernu Taldea parekidea da, baina beste kargu batzuetan, zenbat eta handiagoa izan karguaren erantzukizuna, orduan eta emakume gutxiago kategoria horietan.

Horregatik, «urrats esanguratsuak» egin direla nabarmendu arren, «oraindik badago zereginik berdintasunerako bidean», azpimarratu du Ferreirak.