INFO

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak aurkeztu ditu LABek

Osakidetzak bizi duen egoerari buelta emateko bost proposamen aurkeztu ditu LABek. Pribatizazioak gelditzea, langile gehiago kontratatzea, Lehen Arreta hobetzea, osasun mentalean bitartekoak handitzea eta euskalduntzea dira bost neurri horiek.

Garbiñe Aranburuk LABen proposamenak aurkeztu ditu Gurutzetako Ospitalaren atarian. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Osasun sistema publikoa indartu eta Osakidetzak behar duen eraldaketarako neurriak aurkeztu ditu gaur LABek. Neurri hauek izango dira sindikatu honek Lakuako Gobernuaren Osasun Ituna adosteko mahaira eramango dituenak.

Osakidetza kalitatezko osasun sistema publikoa izateko aurreko Gobernuaren politikak errotik aldatu behar direla nabarmendu du Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak Gurutzetako ospitalearen aurrean osasun alorreko zenbait langilerekin egin duen agerraldian.

«Urte luzez, osasun publikoaren aldeko apusturik ez da egin; politika neoliberal eta klientelarrak izan dira nagusi Osakidetzan. Publikoa debaluatu egin da, pribatua indartzeko. Langileen greba eta mobilizazioak, osasun publikoaren aldeko plataformak kalera atera izana eta erabiltzaile guztiok ikusten, nozitzen, ari garen gainbehera izan dira gai hau agenda politikoaren erdigunean jarri dutenak», azpimarratu du Aranburuk.

Pribatizazioak gelditu

Gauzak horrela, LABek bost neurri proposatu ditu. Lehenengoa pribatizazio eta kontzertazio politikarekin amaitu eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko plan bat da. Sindikatuak gogoratu duenez, aurkezturiko helegiteei esker Osakidetzak modu okerrean kanporatu edo pribatizatu nahi zituen kontratuak geldiarazi ditu, 160 milioi euroko balioarekin.

Honekin batera, Osakidetzak hitzarmenak eta sententziak ez dituela betetzen salatu du LABek. Horrela, ikuztegia pribatizatu egin dute hitzarmenean kontzesioak amaitzen ziren heinean berriro ere Osakidetzak zerbitzu hori bere gain hartuko zuela adierazten bazen ere. Santa Marinako ikuztegiaren pribatizazioaren aurkako sententzia bazegoen ere, mantendu egin zen. Biltegietan, erresonantzietan, ebakuntzetan eta laborategietan ere lanak pribatizatu egin dira, sindikatuak salatu duenez.

Langileak behar dira

LABen proposamenaren bigarren puntuak langile gehiago behar direla nabarmentzen du, lanpostu egonkor eta baldintza duinekin. Egiturazko plantilla handitu egin behar dela eta mediku faltari aurre egiteko neurriak behar direla azpimarratu du. Formakuntzari buruzko baldintzak eta ratioen inguruko lege berri bat ere eskatzen du.

Lehen Arreta

Hirugarren proposamena Lehen Arretaren egoera hobetzeari zuzenduta dago, hori premiazkoa dela nabarmenduz. Egonkortze falta eta behin-behinekotasun handia dagoela ohartarazten du LABek, medikuen errotazio handiarekin eta familia medikuen lana oztopatuz.

Osasun mentala

Laugarren proposamena da osasun mentalaren arazoa prebenitzeko eta artatzeko bitarteko gehiago bideratzea. «Geroz eta dimentsio handiagoa duen arazoa izanik ere, ez dago planik. Orain profesional falta dago; esaterako, ez dago psikologorik, ez dago gizarte hezitzailerik. Ez da prebentzioan inolako arretarik jartzen eta oso erraz jotzen da medikatzera edo ospitaleratzera. Espazio soziosanitario indartsu bat sortu behar da instituzio guztien artean, koordinazio onarekin jendartearen beharrak betetzeko», dio LABek. 

Euskalduntzea

Bosgarren proposamena Osakidetza euskalduntzeko plana da. «Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea. Errealitatea hori izanik ere, azkenaldian mezu euskarofoboak ugaritzen ari dira. Dikotomia faltsuak elikatzen dira: ‘zer nahiago duzue, profesional ona edo euskalduna’, edo lan egiteko eskubidea eta euskaraz ikasteko derrigortasuna kontrajartzen dituena. Borondate politikorik ez dago. Zuzendaritzen aldetik ez dago prestasunik arazo honi irtenbide egoki bat bilatzeko, eta gehienak ez dira euskal hiztunak. Adibidez: Bizkaian ESIetako zazpi gerente daude eta bat ere ez da euskalduna. ESIetako zazpi zuzendarien artean, bi bakarrik dira euskaldunak», azaldu du LABek.