INFO

Andy Steindl suitzarrak 18 laumilako kateatu ditu 7 ordu eta 45 minutuan

35 urte alpinistak hobetu du Benjamin Vedrinesek Spaghuetti Tour izeneko jardueran zuen kronoa ordu eta erdian. Denera, 30 kilometro eta 4.400 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea da.

Andy Steindl suitzarrak 18 laumilakoen itzulian denbora ikaragarria egin du. (Andy STEINDL)

Andy Steindl alpinista eta mendi gidari suitzarra kronoaren aurkako espezialista handia dugu. Fastest Known Time edo ezagutzen den denbora azkarrena kontzeptuaren aldeko zale amorratu da. Azpimarratzekoak diren makina bat errekor egin ditu, eta horien artean bada bat kutsu berezia duena: Zermatt eta Matterhorn-eko joan-etorria. Ahoa bete hortz uzten duen kronoa egin zuen: 3 ordu eta 39 minutu.

Hortaz gain, Matterhorn-en ere, François Cazzanellirekin mendiaren lau ertzak kateatu zituen 16 orduan. Mont Blanc, Monte Rosa… horietan guztietan ere denbora oso azkarrak egin ditu.

Monte Rosa aipatu dugunez, Steindl-en azken errekorra ingurumari horretan sinatu du. Joan den 19an, Monte Rosako Haute Route edo Spaghuetti Tour bezala ezagutzen den ibilbidean 7 ordu eta 45 minutuan gelditu zuen kronoa. Gogoratu behar dugu eskarmentua duten mendizaleek hiru eta bost egun artean behar dituztela itzuli hori egiteko.

Datuei begirada bat ematen badiegu, konturatuko gara suitzarrak eginiko denbora bikaina baino bikainagoa dela. 18 laumilako lotu zituen 30 kilometro eta 4.400 metroko desnibel positibo dituen ibilbidean. Harrigarria bada ere, aurreko errekorra ordu eta erdian hobetu du. Eta harrigarria diogu, errekorraren jabea Benjamin Vedrines frantziar handia zelako.

«Perfektua»

Alpinista suitzarra bederatzi ordutik beherako denbora egiteko xedearekin irten zen. Hain zuzen ere, Monte Rosako aterpetik (2.882 m) goizeko hirurak izateko ordu laurden bat falta zenean. 18 laumilakoak lotu eta gero, helmuga puntua Klein Mattehorn-en  zuen (3.817 m, Zermatten gainean). Puntu horretara gaueko 10:31n heldu zen. Oro har, eguraldi eta elur baldintza oso onak izan zituen.

Steindl-ek itzuli hori bikain ezagutzen du. Duela bederatzi urte, adibidez, Ueli Steck zenarekin 18 laumilako horiek kateatu zituen 14:35 denborarekin. Ondoren, bitan hobetu zen suitzar horien kronoa; azkena, aipatu dugun Vedrisena (9 ordu eta 18 minutu). 2022an, berriz, Martin Anthamatten eta Steindl saiatu ziren errekor berri bat ezartzen, baina bikote horren kronoa 9:28an gelditu zen.

Azkenean, iragan 19an, arantza hori kentzeko aukera izan zuen. Suitzarrak aitortu du den-dena perfektu atera zela: «Oso sasoiko nengoen eta baldintza bikainekin jardun nuen. Taktika oso ondo prestatu nuen, eta lehen orduetan, bederen, oso kontzentratuta joan nintzen. Ordularia gelditu nuenean, zaila egin zitzaidan barneratzea egin nuen denbora. Onartu behar dut azken unera arte den-dena eman nuela. Itzuli horrek buruari eta sasoiari asko eskatzen die. Leher eginda bukatu nuen, baina pozarren eginiko lanarekin. Sekulako eguna izan zen!».