Erremonteak publiko berria bilatuko du asteburu honetan Zarautzen bi txapelketekin
A mailako lehiaketan Ansa II-Juanenea, Ezkurra II-Barrenetxea IV, Urriza-Larrañaga eta Aldabe-Azpiroz bikoteek jokatuko dute.
Bere biziraupenerako borrokan, merkatu berriak bilatzea funtsezkoa du erremonteak eta opor garai hauetan gure kostaldea bisitariz betetzen dela aprobetxatuz, bertako jendea ahaztu gabe, noski, publiko berria bilatuko du kirol honek Zarautzen asteburu honetan, jaialdiak Galarreratatik Aritzbataldera eramanda. Jai Alai Zarautz Erremonte Txapelketa jokatuko da ostiralean, larunbatean eta igandean eta bertan zortzi bikote ariko dira lehian, bi mailatan banatuta. Hiru jaialdiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.
A mailako txapelketan Ansa II-Juanenea, Ezkurra II-Barrenetxea IV, Urriza-Larrañaga eta Aldabe-Azpiroz bikoteek jokatuko dute. B mailako txapelketa, aldiz, ondorengo bikoteek osatzen dute: Jabalera-Apezetxea, Gurrutxaga-Zaldua I, Segurola-Zubiri eta Goikoetxea V-Martirena. Gaur egun osatu daitezkeen zortzi bikoterik onenak osatzen dituzte bi txapelketak.
Abuztuaren 2an lehenengo bi finalerdiak izango dira. Jaialdia B taldeko partidarekin hasiko da. Jabalera-Apezetxeak, Gurrutxaga, Zaldua I.aren aurka jokatuko dute. A mailako finalerdian Ansa-Juaneneak, Ezkurra II-Barrenetxea IV.aren aurka arituko dira.
Abuztuaren 3an, larunbatean, jokatuko dira beste bi finalerdiak. B mailakoa Segurola-Zubiriren eta Goikoetxea V-Martirenaren artekoa izango da eta A mailakoan, Urriza-Larrañagak, Aldabe-Azpirozen aurka jokatuko dute.
Finalerdietako irabazleek, abuztuaren 4an, igandean, jokatuko dituzte finalak. Partida guztiak 3 setera izango dira, 15 tantora bakoitza, eta jaialdi guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira.