INFO

Muturreko beroak jarraipena izango du astearte honetan Euskal Herrian

Muturreko tenperaturak mantenduko dira Euskal Herrian gaur. Euskalmeten arabera, Gasteizen 37 gradura iritsiko dira, eta Iruñean 38ra. Alerta laranja indarrean dago Bizkai eta Gipuzkoako barnealdean, Nafarroako hegoaldean eta Ipar Euskal Herrian.

Beroari aurre egin behar izan zioten igandean Zuberoan pastolara ikusten izan ziren lagunek. (Guillaume FAUVEAU)

Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, uztailaren 30ean, bero sargoriak jarraipena izango du ia lurralde osoan. Asteleheneko balioak errepika daitezke eta barnealdean 35 graduko langa aise gaindituko dute termometroek. Gainera, goizaldean hego haizea ibiliko da eta minimoak ere altuak izango dira.

Giroa argia izango bada ere, erdi mailako hodeiak eta goi hodeiak agertuko dira. Baliteke egunaren lehenengo partean zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Ekialdeko eta hego ekialdeko haizea ibiliko da, eta gero iparraldera egingo du: goizean kostaldean eta arratsaldean barnealdean.

Hiriburuetan, Baionan 21 gradu espero dira gutxienez eta 36 gehienez, Bilbon 22 gutxienez eta 35 gehienez, Donostian 22 gutxienez eta 34 gehienez, Gasteizen 20 gutxienez eta 37 gehienez, eta Iruñean 22 gutxienez eta 38 gehienez. Lizarran 24 eta 38 gradu arteko tenperaturak aurreikusi dira, Erronkarin 21 eta 36 artekoak eta Tuteran ere 25 eta 39 gradu artekoak. Biarritzen 36 gradu espero dira, eta Bankan, Nafarroa Beherean, 40 gradu.

Hala, gaur alerta laranja indarrean izango da Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, baita Nafarroako hegoaldean eta Ipar Euskal Herria barnebiltzen duen Pirinioetako Departamenduan. Gainerako eskualdeetan alerta horia mantenduko da.

Itsasoan eki osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta arratsaldean ipar osagaikoa, 3koarekin; itsaso kizkurra eragingo du, eta arratsaldean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metro erdiko olatuak altxatuko ditu. 

Astelehenean tenperaturarik altuena Orozkon neurtu da EAEn, 39,7 gradurekin. San Prudentzio, Balmaseda, Ordunte eta Zallan ere 39 gradutik gora neurtu ziren, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez.