Nafarroako BPGa %2,5 hazi da bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta
2024ko bigarren hiruhilekoan %2,5 hazi zen Nafarroako BPGa 2023ko aldi berarekin alderatuz gero. Urteko lehen hiruhilekoaren aldean ere igo egin zen, %0,7. Lan merkatuan okupazioa maximo historikoetan mantentzen da.
Nafarroako Barne Produktu Gordina (BPG) %2,5 hazi da urteko bigarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berarekin konparatuta, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak astearte honetan publiko egindako datuen arabera.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak aurkeztu ditu datuak eta, azaldu duenez, %2,5eko igoera hau lehen hiruhilekoko urte arteko hazkundea baino lau hamarren handiagoa da. «Hazkunde nabarmena da eta Nafarroako ekonomiak orain arte izan duen ibilbide ona sendotzen du», nabarmendu du.
Bestalde, BPGa %0,7 hazi zen bigarren hiruhilekoan, urteko lehen hiruhilekoanren aldean. «Oso modu positiboan» baloratu dituzte aurretiazko datu hauek, kontseilariak jakinarazi duenez.
Nafarroako BPGaren hazkundea Estatukoa baino pixka bat txikiagoa izan da. Espainiar Estatistika Institutuaren datuen arabera, ekonomia %0,8 hazi zen lehen hiruhilekoaren aldean eta %2,9 iazko aldi berarekin alderatuta.
Zifra errekorrak lan merkatuan
Lan merkatuarekin lotutako zifrek adierazten dute okupazioa maximo historikoetan mantentzen dela, 311.000 pertsona baino gehiagok kotizatzen dutelako Gizarte Segurantzan, eta Nafarroak Estatu espainoleko langabezia tasarik txikiena duela, %7,42 urteko bigarren hiruhilekoan, eta ia lau puntu Estatuko batez bestekoaren azpitik (%11,27).
Eskaintzari eta eskariari dagokionez, ikusten da, alde batetik, zerbitzuen sektoreak jardueratik tiraka jarraitzen duela, eta industriak eta eraikuntzak bilakaera positiboa izan dutela. Bestalde, kontsumo pribatuak erritmo onean hazten jarraitzen du, enpleguak eta erostek ahalmena hobetzeak lagunduta. Eta kanpoko eskariak hobera egin du automobilaren salmetak berreskuratzeari esker.
Inflazioak, bestalde, gora egin zuen maiatzean eta ekainean. Gorakada hori petrolioaren eta gasaren garestitzeak eta zerbitzuetako inflazioak bere horretan jarraitzeak eragin dute batez ere, azpiko inflazioa %3koa izan baita ekainean.
Arrisku faktoreak
Arasti kontseilariak adierazi duenez, nazioarteko testuinguru makroekonomikoa eta geopolitikoa bezalako arrisku faktoreak gorabehera, Foru Gobernuak apirilean zenbatetsitako BPGaren %1,5eko datua gainditzea espero du aurten, eta hori bat dator kanpoko analistekin, hala nola Ceprede, Hispalink edo BBVArekin, %1,8 eta %2,8 arteko hazkundeak aurreikusten dituztelako.
Oro har, «etorkizun ekonomikoa argitzen joan da», azpimarratu du Arastik.
Eurogunean %0,3 hazi da
Eurogunean eta Europar Batasunean, aldiz, %0,3 hazi zen BPGa bigarren hiruhilekoan, urteko lehen hiru hilabeteetan izandako hazkunde bera bi kasuetan, Eurostatek astearte honetan argitaratutako lehen kalkuluen arabera.
Horrela, Europako ekonomiak erritmoari eutsi dio, 2024ko lehen hiruhilekoan Eurogunean atzera utzi baitzuen 2023ko atzeraldi teknikoa, bi hiruhilekotan BPGaren %0,1eko jaitsierarekin kateatu zelako, eta bloke komunitarioa ere urtearen bigarren erdian mantendu zen, geldialditik atera zen eta.