INFO
Elkarrizketa
Ander Makazaga
San Juaneko arraunlaria

«Orain arte egin dugunak funtzionatu badu, zergatik gero ez, ezta?»

KAE 1 ligan San Juan alde handiz nagusitzen ari da. Estropada guztiak irabazi ditu bat izan ezik. ‘Erreka’-k begirada jarria du urrezko mailara igotzeko kanporaketetan. Ander Makazaga (1997, Pasai Donibane) arraunlariak esan du ez diotela «batere beldurrik eduki behar errendimendu jaitsiera bati».

Ander Makazaga San Juaneko arraunlaria lehena irudian. (San Juan)

Joan den igandean iritsi zen Gorliztik KAE 1 ligako albistea: San Juanek ez zuela banderarik astindu. Ordura arte, estropada guztiak irabaziak zituen. Oso bideratuta du liga Joseba Fernandezen taldeak –bigarren sailkatua hemezortzi puntura du–, eta jada begirada jarria du kanporaketetan. Ander Makazaga San Juaneko arraunlariak adierazi du helburua igotzea dela, eta orain horretarako prestatuko direla, «bai entrenamenduetan, bai eta mentalki ere». Horrez gain, adierazi du kanporaketetan San Pedrorekin lehiatzea «berezia» izango litzatekeela. Marea Bizian saioko seigarren atalean duzue elkarrizketa entzungai.

Joan den igandeko estropadaren ondoren San Juanek, behintzat, utzi du pastelaren zati bat gainerakoentzat.

Gure ustez estropada txukuna egin genuen. Bigarren txandatik esan ziguten Santurtzi denbora hobea egiten ari zela, eta gero azken momentuan segundo batera edo geratu zen. Baina, bai, bandera haiek eraman zuten.

Ehunenengatik bakarrik irabazi zizueten.

Oso justu izan zen, baina azkenean ezin izan genuen. Hirugarren ziabogan sei segundo aurretik zihoazen, eta uste dut nahiko murriztu genuela azken luzean haiekiko tartea, eta saiatu ginela, baina beti da ez da posible. Eta joan den igandean ez zen posible izan.

Aste honetako berritasuna da “Erreka” ontziak ez duela banderarik astindu. Seinale ona da hori.

Estropada guztiak irabaztea ondo egongo litzateke, azkenean estropada guztiak irabazi nahi dituzulako, eta beti duzulako hori buruan. Baina berez, ondo eta hotzean pentsatuta, oraintxe bertan lasai-lasai, helburua argia dugu: lehen mailara igotzea. Munduko bandera guztiak irabazten baditugu ere, asteburu horretan zerbait gaizki ateratzen bada, gure helburua ez dugu lortuko. Orduan, hankak lurrean edukita, begirada argi dugu kanporaketetako bi estropadetan, eta oraingo estropadetan hori prestatzen ari gara. Gainera, ikusita liga nola dagoen, begirada han jarrita dugu. Egia da estropada guztiak irabaztea ondo egongo zela eta guztietara topera goazela, baina denak irabaztea oso zaila da. Eta azkenean bat galtzea... Hala ere, bigarren geratu ginen, ez zen estropada txarra izan, ez dakit izan zen haizeak altxatu zuela, baina gu oso kontentu gaude egiten ari garen lanarekin. Besteek ere arraun egiten dute, eta halakoak gerta daitezke.

Joan den igandean bigarren eta larunbatean lehenengo postuan. Emaitzez harago, nola joan ziren asteburuko bi estropadak?

Nahiko gogorrak, egia esan. Azkenaldian agian denboraldiko lan karga sumatzen ari gara, baita entrenamenduena ere. Joan den asteburuan pixka bat ikusi genuen, jada ez ginela oso fresko eta trainerua ez zihoala normalean bezala. Asteburuan sumatzen genuen normalean baino zailtasun gehiago edukiko genuela. Dena den, saiatu ginen gure estropadak beti bezala prestatzen eta beti bezala arraun egiten, baina agian bigarren zatian ez dakit den gehiago kostatu zitzaigula edo lehengo erraztasunik gabe aritu ginela, baina pixka bat sentitu genuen puntu bat gehiago bilatu beharra... Hori kenduta, ondo; baina bestela, hori, pixka bat gehiago kostatu zaigula.

«Estropada batean sekulako lehia badugu, imajinatu kanporaketetan: beraiek ez jaisteko eta gu igotzeko sekulako tentsio eta gosearekin»

Hemezortzi puntura duzue KAE 1 ligako bigarren sailkatua. Gauzak oso gaizki egin behar dituzue urrezko mailara igotzeko kanporaketetan ez egoteko.

Egia da ikaragarria izan dela. Estropada asko irabaz ditzakezu, baina beti bigarrena berbera geratzen bada, estropada bakoitzean puntu bat bakarrik kentzen diozu. Horretan ez dakit zortea izan dugun edo egoerak hau ekarri duen. Beste ontziak ere maila oso ona ematen ari dira, eta haien artean postu dantza handia dago. Gainera, kanporaketetara joan nahi duten traineruetako batzuek ere eduki dute estropada txar bakarren bat, eta horrek asko lastatzen dizu gero puntuetan, kanporaketei begira. Are gehiago, guk lehen estropadetan asmatu eta gero, lortu dugun puntu kopuruarekin. Horrek lasaitasuna eman digu, eta begirada beste nonbaiten jartzeko aukera bat. Hori talde gutxik oso gutxitan duten egoera bat da, eta uste dut aprobetxatzeko momentuan gaudela.
 
Liga irabaztea ere oso eskura duzue.

Gure helburua batez ere kanporaketetan dago, lehen mailara igotzea, liga irabaztea baino gehiago. Baina, ikusita nola dagoen egoera eta zein testuingurutan gauden, ezin da alde batera utzi argi dagoena. Liga ondo bideratuta dugu, eta gauzak berdin jarraituta edo nahiko txukun eginda, aukerak ditugu garbi irabazteko.

Pozik egoteko arrazoiak badituzue, lehenak ligan, alde handiz, estropada guztiak irabazi dituzue bat izan ezik… Hala ere, kezkatzen zaituzte errendimenduak behera egitea?

Nahiko argi dugu eramaten ari garen bidea zein den. Orain arte egin dugunak funtzionatu badu zergatik gero ez, ezta? Asko entzuten ari gara, kanpotik batez ere, egin didazun galdera hau. Uste dut ez diogula batere beldurrik eduki behar errendimendu jaitsiera bati, ez ezeri. Argi dugu egiten ari garen lana, pausoak ondo ematen ari gara, eta joan den asteburuko egoera pasa zitekeen zerbait zen. Denak bere bidean jarraitzen du. Beti ezin duzu topera egon. Ondo neurtu behar da zein momentutan nahi duzun egon zure maila gorenean, eta gure maila gorena kanporaketetan erakusten saiatuko gara.

Bost estropada besterik ez zaizkizue geratzen liga amaitzeko. Orain zein da zuen eginbeharra?

Orain gure helburua ondo markatuta dago. Oso ondo egongo zen Kontxako sailkapen estropada txukun egitea. Eta gero argi dugu zer datorren: kanporaketei begira, entrenamenduak prestatzen joatea, baita mentalki ere. Ligako bost estropada hauei behar duten pisua eta garrantzia eman behar diegu, estropada txukunak egitera joan behar dugu, ezin dugu ezer oparitu. Hitz egiten ari garen bezala, ematen du agian dena eginda dagoela, baina arraun munduan edozer gauza gerta daiteke, eta beti erne egon behar duzu. Bat-batean dena ondo zihoana, kanporaketetan ez baduzu estropada ona egiten edo lehenago gauzak okertzen hasten badira, eragin handia izan dezake. Estropada biribilak egin behar ditugu, dakigun bezala arraun eginda, eta begirada beste puntu honetan jarri: abuztu bukaerara eta irailera.

«Argi dugu zer datorren: kanporaketetara begira, entrenamenduak prestatzen joatea, baita mentalki ere»

Irailerako gogotsu?

Bai, oso gogotsu. Arraunlari guztiok buruan edukiko dugu hori. Urte asko gabiltza honen bila, eta azkenean iritsi da bilatzen genuen egoera. Uste dut San Juan lehen mailako taldea dela, eta hori agian zenbait taldetan esango dute beraien taldearengatik, baina uste dut San Juan betidanik goran egon den talde bat dela, historikoki talde indartsua dela. Bigarren mailan San Juan bat ikustea... Ematen du ez dela bere tokia, lehen mailan egon behar luke, eta aizu, hori ere demostratu egin behar da horrela dela, eta maila bat eman behar duzu hori baieztatzeko.

Orain artekoa ikusita, beharbada zuen bizilagunekin, sanpedrotarrekin, aurrez aurre egongo zarete kanporaketetan.

Hori hitz egiten dugu geure artean. Pixka bat egoera barregarria dela edo berezia dela, beti dugulako lehia hori. Estropada batean sekulako lehia badugu, imajinatu kanporaketetan: beraiek ez jaisteko eta gu igotzeko sekulako tentsio eta gosearekin... Zerbait berezia izango da. Denboraldi hasieratik hitz egin dugu horri buruz, eta badirudi, ikusita bildu dituzten puntuak, Kaikutik nahiko urrun daudela, baita Bueutik ere. Ziurrenik postua mantenduko dute, eta kanporaketetan elkar ikusiko dugu. Zerbait berezia edo ezberdina izango da.

San Juan eta San Pedro eskutik helduta urrezko mailan...

Nik nahiago dut biak goian mantentzea, bat jaistea eta bestea igotzea baino. Azkenean xarma hor dago, gure arteko lehian, estropada batean elkarren aurka aritzea. Lehia sano hori dugu, eta beti gustagarria da biak borrokan ikustea. Uste dut herria asko piztuko lukeela berriro lehenengo mailan bi traineruak bata bestearen kontra ibiltzeak. Lehenik gu igotzea nahi nuke, baina ondo egongo litzateke ondorengoa San Pedro izatea.

Honi buruzko guztia: KAE 1