INFO

Salbazioa: txakurrekiko sentitzen duen maitasuna

DOGMAN
Estatu frantziarra. 2023. Zuzen. eta gidoia:
Luc Besson. Akt.: Caleb Landry Jones, Jojo T. Gibbs, Christopher Denham, Grace Palma. Musika: Eric Serra. Argazkia: Colin Wandersman.

Caleb Landry Jones aktoreak lan itzela egiten du filmean. (Ondamax Films)

Luc Besson zinemagile frantziarraren obra izenburu ezagunez josia dago. 1988ko ‘Le Grand Bleu’ (‘El Gran Azul’, gazteleraz) izan zen bere ibilbidearen metxa piztu zuena, baina Jean Reno, Natalie Portman eta Gary Oldman protagonista dtuen ‘Leon’ (‘Léon el profesional’, gazteleraz) filmak eman zion nazioarteko bultzada. Geroztik, ‘Jeanne d'Arc’ (‘Juana de Arco’), ‘The Fifth Element’ ( ‘El quinto elemento’) edota ‘Lucy’ izan dira garrantzitsuenetarikoak. Bessonek ez zuen arrakasta handirik izan AEBetan, baina bai mundu osoan; txarteldegiko datuak behin baino gehiagotan lehertu ditu.

2019an ‘Anna’ zuzendu zuenetik bost urte pasa dira eta 2023ko Veneziako Mostratik igaro ostean, gaur, premisa nahiko harrigarria duen ‘Dogman’ estreinatuko du. Haurtzaro gogorra eta latza izan duen gazte baten istorio harrigarria azaltzen du; txakurrekiko sentitzen duen maitasunari esker aurkituko du salbazioa. Gehiegikeriaz eta minez betetako iragana atzean utzi eta, haurra, helduarora iritsiko da txakur-talde batek hazten duen bitartean.  

«Pertsona gisa salba zaitzaketen bi gauza bakarrak maitasuna eta artea dira, ez dirua», hitz horiekin aurkeztu zen zuzendari eta ekoizle frantziarra Veneziako prentsaurrekoan. ‘Dogman’ filmaren gidoia idazteko, bost urteko semea kaiola batean giltzapetu zuen familia frantses bati buruzko benetako albiste batean oinarritu zen. «Horrelako mutil batek nolako bizimodua izan dezakeen galdetzen hasi nintzen neure buruari; zer izango da heldua denean? Nola garatuko da pertsona bezala? bere bizitza nolakoa izango zen imajinatzen saiatu nintzen», azaldu zuen.

Caleb Landry Jones

Behin Bessonek istorioa idatzia zuela, arazorik handiena pertsonaia hori nork gorpuztuko zuen pentsatzen hasi zenean sortu zitzaion. «Uste nuen ez nuela sekula aurkituko pertsonaia hau egiteko bezain eroa zen aktorerik», aitortu zuen Bessonek, baina Caleb Landry Jones-ekin topo egin zuenean zur eta lur geratu zen aktore honen trebeziarekin eta muturreko pertsonaiak sortzeko duen gaitasunarekin.

Jordan Peele, Jim Jarmusch edo Sean Baker bezalako zuzendarien aginduetara bigarren mailako aktore gisa ospea lortu ondoren, duela bi urte Landry Jones-ek aktore onenaren saria irabazi zuen Cannesen, Justin Kurzelen ‘Nitram’ filmean egindako lanagatik. ‘Dogman’-ekin, Veneziako Zinemaldian ere aktore onenaren sarirako hautagai izan zen eta kiniela askotan irabazletzat jotzen zuten; azkenean, Peter Sarsgaard-ek irabazi zuen ‘Memory’ filmean egindako lanarengatik.