INFO

Kai Van Westering igerilaria, Olinpiar Jokoetan dibertitzetik euskal errekor berria erdiestera

Kai Van Westeringek herbehereetako selekzioarekin lehiatzen du baina bere jatorria Euskal Herrian dago. Donostian jaio, Zarautzen lehen hiru urteak eman eta Bidarten hazi zen. Orain, AEBtan dago ikasten eta ez du ahazten bere jatorria. Biarritz Olympique taldeko kideen babesa izan zuen igerilekuan.

Kai Van Westerin, eskuinean, 100 metroko erreleboetako proba hasten, bizkar estiloan. (Sebastien BOZON | AFP)

«Nire lehen final olinpikoa da, oso berezia», esan dio NAIZi, gazteleraz, Kai Van Westering igerilariak, 100 metro estiloko erreleboetan final handirako txartela jaso berritan –hirugarren egin zuten beraien txanda–.

Donostian jaio, Zarautzen lehen hiru urteak eman eta Bidarten hazitakoa da Van Westering baina Herbehereak selekzioarekin dabil lehiatzen, bere aitaren herrialdekoarekin, alegia. Gazte mailetan Frantziako txapelketetan lehiatu den arren –junior mailan Frantziako txapeldun izan zen– ez du sekula selekzio frantsesarentzat igeri egin.

Nolanahi ere, Van Westeringen jatorria Euskal Herrian dago. Igerilari moduan bere hastapenak Biarritz Olympique taldean egin zituen eta beraz, balore handia ematen dio Parisen egoteari: «Gainera, nire entrenatzailea [Thomas Lavenne] ere etorri da, baita familia ere beraz, oso dibertigarria ari da izaten».

2021ean irabazi zuen junior mailako Frantziako txapelketa eta orduan, Biarritz Olympique taldeko teknikari Lavennek adierazi zuen kirol arrakastaz haragoko garaipena zela Van Westeringek lortutakoa eta klubean hutsune handia utziko zuela. Hain zuzen ere, urte horretan bertan egin zituen maletak Estatu Batuetara, Kaliforniako Saddelback unibertsitatera. Urtebete eman zuen han eta gero Indiana Unibertsitatera lekualdatu zen.

Euskal errekorra eta zilarra munduko txapelketan

Askorentzat oso ezezaguna da Kai Van Westeringen izena baina euskal kirolarien errekorrak jasotzen dituen webguneak (www.kirolerrekorrak.eus, EH Kirola ekimenak sustatuta) gertutik jarraitu dio, bertan ageri baitira euskal igerilari honen marka onenak.

Are gehiago, bertan agertzen diren erregistro bat ere gainditu du Parisen, 100 metro bizkar estiloan lehen txandan kanporatua izan zen arren, 54.21 segundoan egin zuen lasterketa, Rufino Regueirak 2013an Malagan ezarritako denbora segundo bat pasa hobetuta (55.72).

Ez da bere euskal errekor bakarra. 2021ean, Dunkerquen lehiaturiko txapelketan, 50 metro bizkar estiloan 26.28ko marka egin zuen, euskal igerilarien artean inoizko denborarik onena.

Modalitate honetan, 16 urtez azpiko errekorra ere berea da (27.39 segundo). Modu berean, 100 metro bizkar estiloan, 17 eta 16 urtez azpiko euskal igerilarien arteko marka onena ere berea da, 2020 eta 2019an, hurrenez hurren lortuta (56.94 eta 58.41).

21 urte eskas ditu Van Westeringek eta ez da bere lehen txapelketa handia, izan ere loria ukitzetik dator 100 estiloetako erreleboan: Munduko txapelketan azpitxapeldun geratu ziren. Hala, adi jarraitzeko talde bezala iritsi dira hitzordu olinpiko honetara, edozein domina lortzea zaila dela jakitun.

«Hemen nago, Olinpiar Jokoetan»

Bere sentsazioei dagokionez, «ez nabil nahi bezala igeri egiten, ez nabil nahi bezalako denborak egiten», esan du. 100 metro eta 200 metro bizkar estiloetan egin zuen Olinpiar Jokoetako estreinaldia eta 21 eta 23. postuetan bukatu zuen, lehendabiziko txandan kaleratua izan ostean.

Bere punturik gorena erreleboetan etorri zen, lehendabizi mistoan eta ondoren, gizonezkoetan, bietan finalerako txartela eskuratuz. Mistoan, baina, Van Westeringek ez zuen lehiatu finalean –Herbehereak seigarren geratu zen– eta atzo, igandean, euskal igerilariak bai partekatu zuen La Defense Arenako igerilekua Leo Marchand bezalako izar handi batekin.

Azkenerako, diploma olinpikoa erdietsi du Van Westeringek –zortzigarren bukatuta–, Biarritz bezalako «klub txiki» batetik Parisko erakuslehio handira jauzi eginda. «Hemen nago, Olinpiar Joko batzuetan», adierazi du.