INFO

Asier Martinez finalerdietako «gudarako» prest dago, «presioa guztiz askatuta»

Asier Martinezek finalerdietarako txartela eskuratu du astearte honetan, 110 metro hesidunetan, lehen txandan, bigarren helmugaratu ostean, 13.46 segundorekin. «Pozik» eta «presioa askatuta» sentitu da nafarra proba bukatutakoan. John Cabang-ek, bestalde, ez du lehiatu, min hartuta baitago.

Asier Martinez, bigarren aukerako lehian, estadio olinpikoan.. (Martin BERNETTI | AFP)

Biharko «gudarako» prest dago Asier Martinez, astearte honetan finalerdietarako txartela eskuratu ostean. Asteazkenean lehiatuko du 110 metro hesidunetako hurrengo kanporaketan, finalerako leku baten bila.

Zizur Nagusikoak bigarren aukerako lehen txandan egin du lasterka eta bigarren bukatu du, Freddie Critenden estatubatuarraren atzetik (lau ehunenekora). Hain zuzen ere, AEBtako atletak igandean ez zuen gehiegi estutu, giharretako arazo batzuk tarteko eta astearte honetan, espero legez, finalerdietarako txartela eskuratu du.

Martinezen helburua ere finalerdietan zegoen. «Igandean zuzenean sailkatu behar zen atletetako bat nintzen baina ez nuen egin», zehaztu du hedabideen aurrean eta beraz, behin helburua erdietsita lasaiago arituko da aurrerantzean. «Bai, zalantzarik gabe, behintzat lehiatzera aterako naiz. Ez dakit nola egongo diren lehiakideak. Ongi sentitzen naiz, borrokatu dezakedala uste dut, ez dakit noraino baina egoera oso ezberdina da niretzako», azaldu du. 

Hain zuzen ere, nafarraren adierazpenetan presio hitza gailendu da, bai azken hilabete kaskarrengatik baina baita ere berak bere buruari ipinitako erronkarengatik. Finalerdietan ikusten zuen bere burua eta azken txapelketetan huts egindako faktoreak izan ditu buruan: «Presio horrekin nengoen, batez ere irteera horrekin; aurreko txandan ikusi da, bazegoela irteeran koska bat, erreakzio horretan. Denboraldi honetan gertatu izan zait erreakzio horrekin lehiatzea, hor zegoen presioa, gero hesia ere bai. Oso presente izan ditut faktore horiek, agian gehiegi, eta horren emaitza izan da lasterketa». 

Berez, denborari dagokionez, igandean baino ehuneneko bat gutxiagoan osatu du ibilbidea eta Martinezek baloratu du nahiz eta «sentsazioak ez diren hain onak izan, presio hori kendu» egin duela: «Egoera zaila izan da azken hilabete hauetan, batez ere ongi sentitzen nintzelako baina presioa handia zen niretzako. Igandean ongi sentitu nintzen beroketan baina lasterketa oso txarra eginda kanpoan geratu nintzen. Beraz, nire azken aukera gaur zen, gudan hor egoteko bihar eta beraz, orain lasai egoera honetan. Baina sentsazio ez horren onak batez ere presio horrengatik».

Bihar, 19.05etatik aurrera lehiatuko da finalerdietan, hirugarren txandan. Txanda bakoitzeko bi onenak sailkatzen dira eta hauez gain, beste bi denbora onenak. Martinezek horien artean egoteko borrokatuko du «presioa guztiz askatu» eta Olinpiar Joko hauetan disfrutatzeko intentzioz.

John Cabang-en erretiroa

Txanponaren beste aldean kokatzen da John Cabang atleta irurarra. Igandean lehiatu zen 110 metro hesidunetan, lehen txandan, eta honek ere ez zuen aurrera egin. Gaur zuen bigarren aukera, bigarren txandan, Martinezen ostean, baina ez da kantxaratu Filipinar selekzioarekin lehiatzen dagoen atleta.

Igandean aurreratu zuen azken egunetan giharretan min hartu zuela eta lehen saiorako antiinflamatorioak hartu zituela. Astearte honetarako errekuperatzen saiatu da baina azkenean, ez da sasoiko aurkitu. Modu honetan bukatu da Cabang-en esperientzia olinpikoa, bigarren lasterketa korritu gabe baina behintzat, lehendabiziko saioan, «hemen nago, Olinpiar Jokoetan» ongi jabetuta.