INFO

Egiako XXIX eskubaloi Torneoak denboraldiaurreko mailarik onena eskainiko du berriz ere

Hilaren 16an eta 17an jokatuko dute gizonek: Bidasoa-Irun  eta Helvetia Anaitasuna batetik eta Balonmano Logroño eta Limoges bestetik. Emakumeen txanda hilaren 21ean izango da, Super Amara Bera Berak eta Replasa Beti Onak taldeek eskainiko dute euskal derbiarekin.

Egiako XXIX. Torneoko aurkezpena. (@BERA BERA)

Egiako XXIX Nazioarteko Torneoa aurkeztu da astelehen honetan. Hilaren 16 eta 17an jokatuko da gizonei dagokien torneoa eta, aldiz, abuztuaren 21ean ospatuko da emakumeei dagokiena. Donostiako udala, Gipuzkako Foru Aldundia eta Bidasoa-Iruneko Gurutz Aginagalde zein Super Amara Bera Bera taldeko presidente Tati Garmendia izan dira bertan xehetasunak eskainiz.

Egiako Torneoa denboraldiaurreko ohiko hitzordua bilakatu da aspalditik eta hargatik maila bikaineko partidak espero dira Egiako kiroldegian.

Gizonen torneoa jokatzen lau talde ariko dira: Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna euskal taldeak, Asobal Ligako Balonmano Logroño eta Frantziako Ligako Limoges, hain zuzen. Azken hau Bidasoa-Irunen aurkari izan diteke EHF European League delakoan, eta bere jokalarien artean Jon Azkue oriotarra dago, 2011tik 2023ra Bidasoan aritu den jokalaria, hain zuzen.

Ostiral honetan izango dira final-erdi biak. Hasteko, Limoges eta Balonmano Logroño neurtuko dira 18.00etatik aurrera. Bigarren final-erdia, berriz, euskal derbia izango da: 19.30etan hasita Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna neurtuko baitira.

Larunbateko jardunaldia hirugarren posturako partidarekin hasiko da, 17.30etatik aurrera, final-erdietako galtzaileen artean. Talde irabazleek, berriz, 19.30etan hasiko den hitzordua izango dute final nagusian.

Emakumeek, berriz, hilaren 21era arte itxaron beharko dute. Kasu honetan torneoak partida bakarra izango du. Hau ere 19.30etan hasiko da eta Super Amara Bera Bera eta Replasa Beti Onak, Guerreras Iberdrola Ligako taldeak biak ala biak, izango dira aurrez aurre.

Egiara joatea nahi duen zaleak, jakin beza 12 euro ordaindu beharko dituela eguneko gizonezkoen torneoa ikusteko eta 7 eurotan izango duela emakumeen torneoko finaleko sarrera.

Eskubaloiaren garrantzia

Amaitu berri diren Olinpiar Jokoetan Kauldi Odriozola eta Imanol Garciandia jokalari gipuzkoarrek brontzezko domina eraman dute –ez du dominarik jantzi jokatu ez duelako, baina Sergey Hernandez atezain nafarra hirugarren amaitu duen Espainiako selekzioarekin izan da, hirugarren atezain gisa–. Bestalde, Maitane Etxeberria Super Amara Bera Berako jokalariak ere Olinpiar Jokoetako esperientzia bizi ahal izan du –zuntz haustura batekin min hartu badu ere– eta Beti Onak taldean hazitako Lysa Tchaptchet pibote nafarra ere –Lyndie bere ahizpa txikiak Donostian jokatzen du– Parisen izan da.

Esan gabe doa eskubaloiak Euskal Herrian zaletasuna baduela, berdin gizon zein emakumeen artean ere. «Gipuzkoan 180.000 pertsonak zerikusirik izan du eskubaloiarekin, eskolarteko kirolean edo federatuta; berdin jokalari, epaile, entrenatzaile eta abar, horietatik 63.000 emakumeak», adierazi du Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendariak.

Bestalde, Gurutz Aginagalde, Bidasoa-Iruneko presidenteak, bere aldetik, Egiako Torneoari garrantzia berezia eman nahi izan dio. «Badakigu zein den gure erantzukizuna kirola sustatzerakoan, eta horregatik ahalik eta partida gehien jokatzen saiatzen gara Gipuzkoan, eskubaloia eta bere balioak zaleen eta jokalari gazteen artean zabaltzeko», aipatu du Aginagaldek.

Tonu bertsuan, Tati Garmendiak ere. «Gurutzekin hitz egin dut Egiako Torneoa agian Gipuzkoako torneorik onena dela, baina orokorrean ere onenetakoa izango da. Eskubaloi maila ona izaten da, bai gizonezkoena, bai emakumezkoena. Beste txapelketa batzuetako konpromisoak direla eta, 21ean jokatu behar dugu, nahiz eta mutilek baino lehenago jokatu ohi dugun. Zaleek erabat eraberritu den gure taldea ikusteko aukera izango dute, eta test gisa balioko digu, 31n hasiko baitugu liga», azaldu du.

Azkenik, datorren urtean Egiako Torneoak bere hogeita hamargarren urteurrena beteko duela-eta, Iñaki Gabarain, Donostiako Udaleko kirol zinegotziak esan duenez, «erakundeek, babesleek eta antolatzaileek elkar ulertuko dugu, txapelketak merezi duen edizio berezia izan dezan datorren urtean».