Mediku baten bortxaketa eta hilketak protestak piztu ditu Indian
Indiako ospitale bateko mediku egoiliar baten bortxaketa eta ondorengo erailketak agerian utzi du berriz herrialdean indarkeria matxistarekin dagoen arazo larria.
India ekialdeko ospitale batean lan egiten zuen mediku egoiliar baten bortxaketa eta ondorengo hilketak sumindura piztu du Indian eta mobilizazioak eragin ditu herrialdeko osasungintza sektorean.
31 urteko emakumearen gorpua iragan ostiralean aurkitu zuten, India ekialdeko Kalkuta hiriko R.G. Kar Unibertsitate Ospitalean, eta hurrengo egunean egin zuen autopsiak baieztatu zuen biktima bortxatu egin zutela hil aurretik.
Mendebaldeko Bengala estatuko agintariek (Kalkuta bertako hiriburua da) adierazi dutenez, larunbatean bertan lehen pertsona bat atxilotu zutela, gertakari lazgarri honekin zerikusia duelakoan.
Era berean, Indiako Doktore Egoiliarren Elkarteen Federazioak (Forda, ingelesezko sigletan), greba mugagabera deitu ditu herrialdeko profesionalak.
«Erabakia ez da arinki hartu, gure ahotsak entzuten direla eta gure justizia- eta segurtasun-eskaerak luzamendurik gabe betetzen direla ziurtatu behar dugu», nabarmendu du federazioak ohar batean.
Besteak beste, ospitaleetako langileen segurtasuna bermatzeko nahitaezko protokolo bat sortzeko eskatzen dute mediku egoiliarrek.
Astelehen goiz honetan, osasungintzako profesionalek mobilizazioak egin dituzte herrialdeko hainbat ospitaleren aurrean.
Emakumeen aurkako sexu-indarkeria arazo larria eta iraunkorra da Indian, eta askotan gizartearen zati baten erreakzioa eragiten du, emakumeen segurtasuna bermatzeko neurri gehiago eskatzen baititu arazo konplexu baten aurrean.
Indiako krimenen inguruko azken txostenak, 2022an argitaratutakoak, 31.500 bortxaketa kasu jasotzen zituen urte horretan bakarrik, 86 inguru eguneko.