INFO

Auzoko sukaldaritzaren aldeko aldarrikapena

THE BEAR 3.DENBORALDIA

AEB. 2022, 3 denboraldia. Zuzen.: Christopher Storer. Gidoia: Christopher Storer, Alex O'Keefe, Karen Joseph Adcock. Aktoreak: Jeremy Allen White, Ebon Moss-Bachrach, Ayo Edebiri, Lionel Boyce. Musika: Jeffery Qaiyum 'JAQ', Johnny Iguana. Plataforma: Disney +

‘The Bear’ telesaileko eszena bat. (FX Network)

Kritikaren eta ikusleen laudorioak jaso dituen ‘The Bear’ telesailaren hirugarren denboraldia iritisi da. Goi-sukaldaritzaren alorrean eta munduko jatetxerik onenean lanean ari den chef gazte batek (Jeremy Allen White-ek maisuki gorpuzten duen Carmen ‘Carmy’ Berzatto), bere karrera eta desirak bazterrean utzi beharko ditu, Michael anaiak bere buruaz beste egin ostean, Chicagora itzuli beharko duelako, bere familiaren jatetxe txikia aurrera eramateko: The Original Beef of Chicagoland, auzoko sandwich-jatetxe xume bat. Nortasun ikaragarria duen eszenaratzea erabiliz, auzoko sukaldaritzaren aldeko aldarrikapen bikaina egiten du telesailak, eta argumentuak pertsonaiaren barne-mundua sukaldaritzaren bidez nola berregiten duen erakusten digu.

80, 90 eta 2000ko hamarkadako rock konbentzional eta alternatiboko klasikoez josia dagoen soinu banda ere deigarria da oso: Wilco, R.E.M, Radiohead, Pearl Jam, Weezer, Refused, LCD Soundsytem, AC/DC edota The Pixies taldeen abestiak entzun daitezke besteak beste.

Jeremy Allen White. ‘Shameless’ kultuzko telesailean Lip Gallagher pertsonaia gorpuzten hamarkada bat eman eta gero, orain iritsi da bere ibilbideko arrakastarik handiena; Urrezko Globoa eta Critics Choice saria irabazi ditu Carmen ‘Carmy’ Berzatto pertsonaiaren rola jokatzeagatik eta mundu mailako izar bihurtu da. Ibilbide luzeko telesail baten parte izatea onuragarria izan daiteke, lan egonkortasuna eta proiekzio mediatikoa ematen dituelako, baina batzuetan alde txarrak ere baditu. «Maite dut ‘Shameless’. Haren parte izan ziren guztiak maite ditut, eta esperientzia izugarria izan zen, baina ez nago ziur telesailek hainbeste iraun beharko luketen ala ez. Garai batean aktore sentitzeari utzi nion eta telesaila hori egiteko bakarrik jaio nintzela sentitzen nuen. Asaldagarria izan zen. Bukatzear zegoenean neure buruari galdetzen nion: agian telesail hau egiteko bakarrik nago hemen, ba al dago besterik?, aktorea naiz? Zalantza asko nituen» aipatu zuen Allen Whitek ‘GQ’’ aldizkariari emandako elkarrizketa batean.