Familian zinemaz euskaraz gozatzeko aukera polita
BUFFALO KIDS
Estatu espainiarra. 2024, 93’. Zuzend.: Juan Jesús García Galocha, Pedro Solís García. Gidoia: Jordi Gasull, Javier Barreira. Musika: Fernando Velázquez.
‘Buffalo Kids’ filma Zinema Euskaraz programaren eskutik iritsi da. ‘Tadeo Jones’ pelikularen ekoizle eta gidoilarien animaziozko lana da, Estatu espainiarrean ekoitzia. Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten ikusiko dugun zazpigarren filma da, ‘Robotia’ lanaren ostean.
Tom eta Mary dira protagonista nagusiak, XIX. mendearen amaieran New Yorkera iritsi diren bi anaia umezurtz. Osabarekin elkartzeko helburuz eta tren batean ezkutuko bidaiari gisa sartu ostean, Mendebalde Basatia zeharkatuko dute; bertan Nick ezagutuko dute, euren bizitza betirako aldatuko duen lagun berria.
Filmaren jatorria Pedro Solisen ‘Cuerdas’ kontakizunean aurkituko dugu, munduko film labur sarituenaren Guinnes errekorra duen ekoizpena. ‘Buffalo Kids’ Solis-ek berak zuzendu du Juan Jesus Galocharekin batera. ‘Momias’ filmaren arrakastaren ondoren, zuzendarikide gisa egiten duen bigarren film luzea da. 60 herrialdetan baino gehiagotan estreinatu zen eta 55 milioi euro baino gehiago bildu zituen mundu osoan.
Filma Annecyko Nazioarteko Animaziozko Zinemaldian aurkeztu zuten sail ofizialean. «Erronka handiena publikoari iristea da, hori da garrantzitsuena. Umeek, gurasoek zein aiton-amonek gozatzeko moduko proposamena da eta denek gozatzea nahiko dugu». Azaldu zuen Solis Garciak aurkezpenean.
Euskaraz non?. ‘Buffalo Kids’ euskaraz ikusteko aukera honako aretoetan izango duzue: Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruñea), Multicines 7 (Bilbo), Niessen (Errenteria), Florida (Gasteiz), Gorbeia (Gasteiz) eta SADE (Donostia).