INFO

Realeko zuzendaritzari hausnarketa eskatu dio Bultzadak «espainolismoari gorazarre egiteagatik»

«Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak»; hau helarazi dio Bultzada taldeak Realari, Eurokopan zein Joku Olinpikoetan zehar zabaldutako zenbait mezuk zale asko «lotsarazi eta saminduarazi» dituela ohartaraziz.

Aitor Zabaletan harmailan kokatzen da Bultzada taldea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Anoetako zalegoan nabarmentzen den Bultzada taldeak kritika publikoa zabaldu du Realak uda honetan zabaldutako zenbait mezuri erantzunez. «Tamalgarria deritzogu», esan du, «espainolismoaren gorazarreari» dagokionez. Eta «hausnarketa» eskatu dio zuzendaritzari.

Gizonezkoen Eurokopan eta Joku Olinpikoetan gertatutakoaz ari da. Realeko jokalari ugarik elastiko gorrihoria jantzita garaipenak lortu dituztela eta, klubak modu ofizialean zabaldutako zenbai mezu ez dira onargarriak Bultzadaren aburuz. Bi lehiaketa horiek pasata, «salaketarako eta hausnarketara ordua heldu da», adierazi du.

«Harriduraz eta amorru betez ikusi eta jasan behar izan dugu kapitalismo basatiaren eta espainolismo sakoneraren asimilazioa. Asimilazio horrek arduradun eta konplize asko ditu. Horietatik bereziki kezkatzen gaituena gure klubak, Realak, horren guztiaren aurrean hartu duen posizioa. Klubaren sare sozialean erabilera negargarria eta guztiz partziala izan da: espainolismoa behin eta berriz lau haizetara sustatu du», salatu du Bultzadak.

«Espainolismoaren ondorio larrienak jasan ditugu»

«Tamalgarria zaigu Euskal Herriko klubetatik babes sozial euskaldunena eta euskaltzaleena duen klubak horrelako jarrera arduragabea azaldu izana gai horrekiko. Klub baten identitatea haren babes sozialak eraiki omen du. Bada kasu honetan gure klubak ez du bere babes sozialaren zati handi bat ordezkatzen jakin. Are gehiago, lotsarazi eta saminduarazi egin ditu», erantsi du zaletu taldeak.

Honako hau erantsi du jarraian: «Tamalgarria deritzogu, klubaren zaleok historian zehar espainolismoaren ondorio larrienak jasan izan ditugunean. Euskaldun izateagatik irainak, erasoak, isunak eta hilketak jasan izan ditugunean».

«Klubari hausnarketa egin dezan eta espainolismoaren gorazarre hauek betirako eta ezbairik gabe eten ditzan eskatzen diogu. Baita ere bere zaleak behar bezala ordezkatu ditzan», amaitu du, azkeneko azpimarratu hau eginez: «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak».