INFO

Bigarren etxebizitzen ugaritzearen aurka protesta egin du Herrian Bizi-k Biarritzen

‘Stop! Aski! Résidences secondaires’ zioen pankarta bat Biarrizko hondartzatik hurbil zabalduz, Herrian Bizi plataformak, turismo denboraldiaren erdian eta Alternatiba Itzulia dela eta, Euskal Herriko etxebizitzaren krisian bigarren etxebizitzen ugaritzeak duen ondorio larriak agerian utzi ditu.

‘Stop! Aski! Résidences secondaires’ zioen pankarta, Biarritzen. (Patxi BELTZAIZ)

Hamarka lagunek bat egin dute igande honetan Biarritzen Herrian Bizi plataformak deituta, bigarren etxebizitzen ugaritzearen aurkako ekimenean protesta egiteko. Turisten erdian, hiriko itsas bazterrean, ‘Stop! Aski! Résidences secondaires’ zioen pankarta erraldoia zabaldu dute. Gainera, jendeak hainbat kartel eraman ditu protestara, ‘StopAski’ aldarrikapenarekin.

Etxebizitzen %20a baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Zenbait herritan, gaur egun bigarren etxebizitzen proportzioa etxebizitzen %50aren heinera hurbiltzen da. Gainera, Ipar Euskal Herriko hogeita hamar elkarte, sindikatu eta alderdi politikoek, ekintzaren jatorrian den Se loger au pays-Herrian Bizi plataforman bildurik, iaztik goiti, beren lehentasuna bezala hautatu dute gaia.

«Airbnb zaharrak bigarren etxebizitza berri bilakatzea urte osoan alokatzen diren etxebizitzen multzoan berriz sartu ordez, edo gehien eskaintzen duenari saltzeko xedearekin alokatzailea kanporatzea praktika onartezinak dira», nabarmendu du Ainize Butron plataformako bozeramaileak.

Ildo horretan, salatu du egoera honek «jendea karrikara botatzen» duela, eta «beti urrunago eta gero eta prezio eskuraezinagoetan bizitzera» bultzatzen duela ere. «Pertsona orok etxebizitza bat izateko duen eskubideak gutxiengo batek hainbat izateko eskubidea baino premiatsuagoa izan behar du», gaineratu du Butronek.

Alternatiba Itzuliaren babesa

Lurraldeen eraldaketa ekologikoa bizkortzeko hiru eta lau tokiko bizikletaz 6.500 kilometro baino gehiago egiten dituen Alternatiba Itzuliak Euskal Herria zeharkatzen duelarik, etxebizitza krisiaren ondorio ekologikoak nabarmentzeko parada eman du.

«Bigarren etxebizitzen galdeak prezioak igotzen ditu eta diru-sarrera apalak dituzten biztanleak urruntzera behartzen ditu, lanerako bidaia luzeagoak eta, beraz, kutsagarriagoak egitera behartzen ditu. Gainera, gehiago eraikitzera eta lur gehiago artifizial bihurtzera eramaten du», azpimarratu du Emma Tosini Alternatiba Itzulia antolatzen duen Alternatiba eta Action Non-Violente COP21 mugimenduetako  bozeramaileak.