INFO

Festa zortzi egunez piztuta mantendu ostean, goxo lotaratu da Donostia

Ajearen txanda da orain. Erraldoi eta buruhandiak erretiratzearekin bat, Donostiak amaitu du bere Aste Nagusia, eta donostiarrek har dezakete atseden azkenean. Dena den, inork indarrik gordetzen badu oraindik, gaur du azken hatsa emateko aukera, Irrikitaldiaren parodiarekin.

Erraldoien agurrak irudikatu zuen, urtero legez, festaren amaiera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Abuztuaren 10ean piztu zen sua itzaltzera agertu zen iluntzeko euria Donostiara. Zortzi egunen ostean, akabo suzko zeruak, marmitako lehiaketak, txosnetako ogitartekoak, puzgarri eta barrakak, Flamenkako kontzertuak eta kuadrillako bazkariak. Aste Nagusia amaituta, behingoz lotara doaz donostiarrak.

Astelehen goizeko ajea, baina, beti dator iturburu onetik. Emozionala ere izaten da sarri, gogora ekartzerakoan ostiral gaueko Belakoren kontzertua Flamenkan, suzko erroberen osteko izozkia, zezenketen kontrako edo presoen etxeratzearen aldeko protesten indarra, Alde Zaharreko parranda... Nork bere eltzean nahi duena egosten du.

Galerna, eurite eta guzti, kaiko Piratek ahal beste abordatu dute Donostia, itsasoak lurrari nola, «zezenketen, su festen eta izozkien» ereduari urteroko koska lapurtuta. Bi hamarkadaz jai herrikoien alde lan eskerga egin duten haiek, gainera, indarrak gorde dituzte gaur emateko azken hatsa, Irrikitaldiaren festarekin: soineko eta traje eleganteenei hautsa kendu eta belle époque-ra itzuliko dute hiria, urteroko parodia bihurri eta dibertigarriarekin.

Erraldoien agurra

Tristeak izan ohi dira despedidak, baina musikak laguntzen baditu, gaitz erdi. Donostiar fidelenak urtero batzen dira Aste Nagusia urtebetez agurtzeko errituan, eta hala egin zuten atzo ere. Erraldoi eta buruhandiekin desfilea egin zuten arratsaldez Alde Zaharrean eta erdialdean barrena, eta amaitzean, Zuloaga plazan, festen erretiroa irudikatu zuen txistularien isiltzeak eta erraldoien eta kilikien etxeratzeak. Azkenik, Plaza Berrian itxi zuen Aste Nagusia Union Artesana elkarteak.

Alta, donostiar guztiak ez ziren erraldoiekin batera etxeratu. Batzuk Sara Socas ikustera egin zuten kaira, beste batzuk La La Love You taldeaz gozatzera Grosera. Hauek oraindik ez dute despedidarako erriturik asmatu.

Valentziako suak garaile

Donostiako Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketan irabazlea errepikatu da: iaz bezala, Pirotecnia Valencianak eskuratu du Urrezko Maskorra. Jose Manuel Crespo diseinatzailearen ikuskizunak 631,62 kg bolbora erabili zituen eta 1.900 tiro eman zituen ia 17 minutu iraun zituen osteguneko emanaldian. Etxe honen «kolore eta zarata handiko ikuskizuna» nabarmendu zuten epaimahaiko kideek atzo, saria iragarri zutenean.

Bigarren saria Vulcano etxearentzat izan da. Gaztelako piroteknia honek ostiralean eskaini zuen hamabost minutu eta 50 segundoko emanaldia, 798 kilo bolbora erabilita eta bi mila tiro baino gehiago emanda. Jose Luis Gimenez izan zen ikuskizunaren diseinatzailea.