INFO

Lau egun, Chicagon, Kamala Harris ofizialki presidentegai izendatzeko

Dozenaka mila lagun elkartuko dira bihar hasi eta ostegunera arte egingo duten konbentzio demokratan. Bertan, Kamala Harris eta Tim Walzek ofizialki onartuko dute presidentegai eta presidenteordegai izatea. Konbentziotik kanpo jendetza espero da ere, Palestinaren aldeko deialdietan.

Kamala Harris eta Tim Walz, ekitaldi batean. (Scott HASSEL | EUROPA PRESS)

Chicago Bulls saskibaloi taldearen aretoa, United Center kantxa, alderdi demokrataren konbentzioaren gune nagusi bihurtuko da datozen lau egunetan. Herrialde osoko lau mila ordezkari eta beste milaka kazetari eta alderdikide elkartuko dira Illinoisko hirian. Helburua Kamala Harris Etxe Zuriraino eramango duen hautagaitza handikiro ofizial egitea da, azken asteotan piztu den ilusioa are gehiago berotuz, datozen hamaika asteotako kanpainan laguntzeko.

Chicagoko konbentzioko lehen eguneko izar nagusia Joe Biden presidentea bera izango da. Ikusmina dago jakiteko bertsio berririk emango ote duen azken asteotan gertatutakoari buruz (Nancy Pelosik eta Obamatarrek jokatutako rola berebizikoa izan zen Bidenek bazterrera egiteko). Azken batean, konbentzioaren itxierako protagonista izan behar zuen Bidenek duela hilabete, eta hura irekiko duen «teloneroa» izango da orain.

Hurrengo hiru egunetako protagonistak ere ez dira nolanahikoak izango: Chicagoko seme-alaba kuttunetakoak, Barack eta Michelle Obama, astearte gauean mintzatuko dira. Asteazkenean, Tim Walz Minnesotako gobernadorea izango da presidenteorde izateko hautagaitza ofizialki onartuko duena. Eta ostegunean, konbentzio demokrataren azken egunean, Kamala Harrisek itxiko du biltzarra.

Hortik aurrera, ofizialki izendatuta egongo dira bi alderdietako tiket-ak (boto-paperetan agertzen diren bi izenak dira tiket-ak), eta kanpaina udazkeneko azken txanpara begira jarriko da.

Hauteskunde-urteetako une gorena izaten da AEBetako bi alderdiek hautagaiak ofizialki izendatzen dituzten konbentzioena. Errepublikanoek duela hilabete egin zuten. Negu osoan zehar nahasmena iragarri zuten adituek konbentzio errepublikanorako, Donald Trumpek zituen auzi judizial eta eskandalu politikoen ondorioz. Baina alderdia oso batuta iritsi zen Milwaukeeko biltzarrera, Trumpen aginduetara otzan-otzan bilduta.

Errepublikanoak, gainera, bizirik irtetea lortu berri zuen atentatutik, eta mundu guztiak aitortzen du ikuskizun bezala ere oso ondo prestatu zituztela lau egunetako ekitaldiak. Akats bakarra, Trumpek berak eman asmo zuen moderazio itxura kaskar samar irten zitzaiola eta ordu eta erdiz gero eta muturrerago eraman zuela diskurtsoa.

Hilabetean erabat aldatu da giro politikoa, ordea. Orain bitsetan daudenak demokratak dira, eta errepublikanoak ageri dira haserre. Konbentzio demokrata Harris eta Walz-en izendapenerako azken zeremonia izango da. Baina zentro-ezkerreko edozein mugimendurengandik espero den izpiritu kritikoa ere egongo da Chicagon. Areto barruan, ospakizunarekin eta AEBetako kanpainetako argi eta distirarekin batera, eztabaida eta kritikarako tarteren bat espero da. Primarioetan hautatutako lau mila ordezkarien aldean, 30eko kopurua txikia iruditu daiteke, baina uncomitted edo «konpromisorik gabe» bozkatu duten demokraten ahotsa eramango dute konbentziora. Gehienek oso ikuspegi kritikoa daukate Etxe Zuriak Gazako sarraskian duen jarrerari buruz, eta Harrisek Israel estuago hartuko duen itxaropena daukate. Edozelan ere, Harrisen kanpainak jakinarazi du Benjamin Netanyahurekiko kritiko izanda ere, ez datorrela bat Israeli arma-bahimendua ezartzeko eskaerarekin.



Protestak

Illinois, Michigan eta Minnesota izan dira «konpromiso gabeko» boto kritiko gehien izan dituztenak primarioetan. Ezin ahaztu Chicago aldean bizi direla AEBetako arabiar gehien eta Detroiteko kanpoaldeko Dearborn hiria dela batez beste musulman gehien dituen udalerria.

Areto barruan baino gehiago, kaleetan igarriko da batez ere Palestinaren aldeko elkartasuna eta alderdi demokratako zenbait politikarekiko kritika. Dozenaka mila lagun iritsi dira azken egunotan hirira, March on the DNC (Demokraten konbentziora martxa) ezkerreko elkarteen deialdiari jarraituz. Chicagora eramango dituzten eskaeren artean, Palestinarekiko elkartasuna ageri da letra larriz, baina polizia-indarkeriaren aurka ere egingo dute protesta, baita etorkinen alde ere; abortu-eskubidea eta sindikatuak eratzea eta greba egiteko eskubidea ere defendatuko dute Union Park-en, konbentzio-gunetik gertu samar, egin duten deialdian. Lehen manifestazioa bihar eguerdian bertan izango da, eta ostegun arratsaldean konbentzioa amaitzen denerako ere protestara deitu dituzte manifestariak.