INFO

Ekimen eta bizitasunaren bitartez, Baikoren Sollube taldea txapeldun Bizkaia Torneoan

Baikoko pilotariak nagusitu dira Bizkaia Torneo berrituan, jokotara lehiatu den aurrenekoan. Peña II.ak 3-1ekoarekin garaitu zuen Ezkurdia Lau eta Erdikoan (4-6, 6-1, 4-6 eta 1-6) eta segidan Laso-Mariezkurrenak irabazitako partidak (1-6, 5-6 eta 2-6) garaipena eman zion Bilboko enpresari.

Baikoren Sollube taldeak irabazi du Bizkaia Torneoa, Oiz mendean hartuta. (BAIKO)

Estreinakoz Bizkaia Torneoan ikusi ditugu esku huskako partidak jokoen bitartez erabakitzen, zesta punta edo tenisa bailitzan. Hautsak harrotu zituen formatu berri honek, txapelketa ofizialetarako baztertu egin behar dela ere iritzi zuten pilotariek baina berritasunak izan du bere zirrararik ere.

Partiden ekimena eta bizitasuna erabat aldatu du, set bakoitza irabaztearen garrantziaz jabetuta. Partida, gutxienez hiru aldiz, berrastea bezala da eta formatu horretan, atzo arratsaldean, Aste Nagusian murgilduta zegoen Bilboko giroan, Baikoko pilotariak nagusitu ziren: Sollubek Oiz taldea mendean hartu zuen, lehen bi partidak irabazita.

 «Formatu honetan garrantzitsuena da partidatik ez ateratzea, une oro kontzentratua egotea», esan zion Bakaikoak Peña II.ari, bigarren jokoa galtzear zegoela. Tolosarrak sendo hasi du Lau eta Erdiko partida, Ezkurdiaren aurka, baina kale egin du bigarren setean (6-1). Aspek berdindu egin du partida baina Arbizukoa dematik atera zen, partida bukaeran berak onartu legez: «Ez dut sentitu partidan sartuta egon naizenik». Hala, Jon Ander Peñak, hanka bizkor eta gantxo zitalekin, lehendabiziko partida eraman du 3-1 markagailuarekin.

Jon Ander Peñak irekitako bidea (4-6, 6-1, 4-6 eta 1-6) errematatu beharra zeukaten Baikokoek Binakakoan, baldin eta bideratua zegoen finala katramilatzerik nahi ez bazuten. Dema kitzikagarria espero zen Bizkaia pilotalekuan, beste behin Unai Laso eta Jokin Altuna aurrez aurre, Zarauzko norgehiagoka gogorraren ostean errekuperatzeko apenas tarterik gabe, are gutxiago Amezketakoak, herenegun Tafallan aritu baitzen Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka.

Igarri zaio freskotasun falta hori amezketarrari baina gehienbat, bikote modura Laso eta Mariezkurrenak osatutako konexio sendoa izan da partida Baikok irabaztearen gakoa. Beñat Rezusta ongi sartu dute atzean, bergararra pilotez kargatu eta Altuna III.a jokoz kanpo lagatzeko estrategiarekin. Tarteka sartu da gipuzkoarra jokoan eta sartu den apurretan harmailak altxarazi ditu. Bere magia utzi du lehendabiziko jokoan gorrien tanto bakarra egiteko (1-6) eta bigarren setean Mariezkurrenaren akatsak gehiago izan badira ere, Altunak irabazi du desiatzen zegoen protagonismoa.

«Bigarren set hori, 5-5ekoarekin, beraien alde erori bazen agian beste zerbait gerta zitekeen; hori dauka formatu honek. Zorionez gure alde erori da eta hirugarren jokoan ongi hasteak konfiantza eman digu partida ixteko», esan du Jon Mariezkurrenak.

Kide eta lagunak

Partida hasieran ilusioa nabari zitzaion bere kide eta lagun Unai Lasorekin bikotea osatzeagatik. Gutxitan ikusten ditugu elkarrekin jokatzen eta atzo, bien ezaugarriak batuta, bikote indartsua osatu zuten eta lehen aldiz final batean, Altuna-Lasoren arteko lehia Baikoren alde jausi zen, Bizkaia Torneoa bereganatzeko.  

Lehen seta 1-6 eta bigarrengoa 5-6 irabazita, joko bakarra behar zuten urdinek txapela janzteko. Gorriek, bestalde, beharrezkoa zuten irabaztea partida luzatu eta finalean bizirik jarraitzeko.

Kolpe zitalak eman ditu Lasok, gantxo eta hormabikoz osatuta, bai eta berriro ere Rezusta atzean utzita –bigarren jokoan gehiago kosta zitzaien– eta segituan ireki dituzte aldeak (0-4). Jokin Altunak izan du tarterik bere inteligentzia eta bizkortasuna erakusteko, magiaz beteriko bi tanto jarraian eginda (2-4), baina urdinek garaiz erreakzionatu dute, partidan bete-betean kontzentratuta zeudela erakutsita. Bi tanto jarraian egin –Rezustak ezin izan zuen eraman 4-5ekoarekin– eta txapela irabazi zuten Baikokoek, hirugarren lehiaren beharrik gabe (1-6, 5-6 eta 2-6).