INFO

Itziar Agirre sailburuordeak ordezkatuko du Jokin Perona Ogasun diputatu gisa

Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria. Abuztuan zendu zen Jokin Perona ordezkatutko du orain arte Lakuako Ogasun eta Finantza sailburuordea izan denak.

Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria. (Gipuzkoako Aldundia)

Itziar Agirre Lakuako Ogasun eta Finantza sailburuordeak ordezkatuko du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu gisa, foru erakundeko iturriek jakitera eman dutenez.

Itziar Agirre Berriotxoa Urretxun jaio zen 1975ean, eta 2013tik Lakuako ogasunaren esparruan lan egiten du; lehenik, Zerga Administrazioko zuzendari gisa, eta, ondoren, 2017tik aurrera, Ogasuneko sailburuorde gisa.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartuko du Agirrek. Jokin Perona abuztuaren 7an hil zen, bizikletan zihoala, Zamorako herri batean.

Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna, enpresa pribatuan lan egin zuen Lakuan sartu aurretik, 1999tik 2003ra Manufacturas Oria enpresako administrazio-lanetan aritu zen, eta abokatu aholkulari gisa aritu zen Elkarlan 2013ra arte.

Gainera, EAJko zinegotzia da Urretxuko Udalean 2003tik, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako prokuradorea izan zen 2007-2013 legegintzaldian.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, orain Itziar Agirre eta uztailean Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu izendatuta, Gobernu taldeak ikasturte politiko berriari ekingo dio «lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin lankidetza indartzen jarraitzeko eta gainerako indar politikoekin akordioak lortzeko borondate berarekin».

Era berean, Mendozak Jokin Perona gogorarazi nahi izan du, «zerbitzari publiko handia eta pertsona aparta, oinarri sendoak uzten dizkiguna gero eta solidarioagoa, konprometituagoa eta lehiakorragoa den Gipuzkoaren alde lanean jarraitzeko. Kolpe gogorra izan da guztiontzat, baina Jokinek erakutsi zigun guztiarekin, martxan gara berriro, esku artean ditugun erronka handiei aurre egiteko prest. Horretarako talderik onena daukagu», adierazi du.

Azkenik, Peronaren familia gogoratu nahi izan du Mendozak, eta eskerrak eman ditu azken asteotan jasotako mezu eta keinu guztiengatik, «hain une zailetan Jokin hainbeste estimatu eta maitatu dugun pertsona guztiontzat lagungarri izan baitira».