INFO

Inprobisatzen ere, euskararen alde Bilboko Aste Nagusian

Aste Nagusiko freestyle herrikoiko txapelketak frogatu du euskaraz era horretan inprobisatzea ere posible dela. «Flow»-a zer den erakutsiz, lau parte-hartzaileek zorroztasunez jokatu behar izan dute Bilboko jaietako hainbat egoeratatik ihes egiteko, baseen gainean.

Arriaga Antzokiaren aurrean inprobisatu dute lau parte-hartzaileek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

New Yorkeko Downtown-a izan gabe, errimek eta “flow”-ak bete zuten Bilboko Arriaga plaza Aste Nagusiko freestyle herrikoiko txapelketaren bigarren edizioan. Musika herrikoiak jai herrikoietan lekua izan behar du eta Gezu, Jone, Izar eta Raperu aritu ziren baseen gainean ahotsa jartzen, euskaraz ere rap-a inprobisatzea posible dela frogatuz.

Kaleetan eta festibaletan entzuten diren estiloetatik urrun, Aste Nagusiko freestyle txapelketak euskal nortasuna mantentzen du eta bertsolaritzatik hainbat ezaugarri hartzen ditu. Adibidez, oilar-batailetan ez bezala, gai bat ematen zieten parte-hartzaileei, egoera horri buruz errimak bat-batean botatzeko. Eta, zelan ez, Bilboko jaiek protagonismo handia izan zuten. «Goizeko zazpiak dira eta txosnagunetik etxera bueltatzen zarete»; «bakoitza txosnetako ogitarteko bat zarete eta kuadrilla bat konbentzitu behar duzue zuek aukeratzeko»; «zuen laguna mozkor dago, ez utzi azken ‘ronkola’ hori eskatzen» edo «Marijaia zarete eta nazkatuta zaudete egun osoa gora eta behera ibiltzeaz»; halako egoeretatik airoso atera behar izan zuten lau raperoek.

Bi emakumek parte hartzeak ere erakusten zuen atzokoa ez zela «ohiko» rap bataila, normalean gizonezkoak aritzen baitira musika estilo horretan.

Plazaren erdian bilduta eta ondoan jotzen ari zen elektrotxarangaz paso eginez, dozenaka gazte eta ez hain gazte hurbildu ziren DJaren mahaira. Errima zorrotz eta hitz-joko bakoitzarekin ikus-entzuleen txalo zaparrada jasotzen zuen artistak, zerutik jausten zen euriari kasu handirik egin gabe.

Nahiz eta emaitzak garrantzirik ez izan, lau konpartsakidek osatutako epaimahaiak irabazle bat aukeratu behar izan zuen. Sei txandaren ondoren, non parte-hartzaile batek beste baten aurka zein laurek aldi berean rapeatu zuten, epaileek beren erabakia jakinarazi zuten besoak gurutzatuta: «Ihardespena», rap munduan berdinketak hausteko txandara deitzeko erabiltzen den hitza. «Odolez» jokatutako finalean –hau da, lehiakidearen aurka gairik gabeko marrak botatzea–, Izar gailendu zitzaion Gezuri, errespetuz, ahizpatasunez eta euskararekiko maitasunez beteriko txapelketari amaiera emanda.