Tomiko Itooka, 116 urteko japoniarra, da momentuz emakumerik zaharrena
Tomiko Itooka, 116 urteko japoniar emakumea, munduko pertsonarik zaharrena bihurtu da Gerontological Research Group erakundearen arabera, guztiz egiaztatzea zaila den arren. Kataluniako Maria Branyas asteartean hil zen, 117 urte zituela.
Tomiko Itooka, 116 urteko japoniar emakumea, munduko pertsonarik zaharrena izateko hautagai berria izendatu du Gerontological Research Group erakundeak, asteazken honetan jakinarazi dutenez.
Jatorri amerikarreko erakunde honek mundu osoko ehun urtetik gora duten pertsonen jarraipena egiten dute. María Branyas Morera, ‘Guinness World Records’-en arabera orain arte munduko pertsonarik zaharrena izan den emakume katalana hil ostean, Itooka-k har lezake honen lekua.
Itooka 1908ko maiatzaren 23an Osaka hirian jaio zen, Japoniako mendebaldean. Hiru seme-alaben artean zaharrena da, Ashiya hiriko, Hyogo prefeturako gobernuaren arabera. 20 urterekin ezkondu eta bi alaba eta bi seme izan zituen.
Bigarren Mundu Gerran, Itookak Hego Koreako ehun fabrika batean bere senarra ordezkatu zuen zuzendaritza postuan eta geroago, senarra 1979an hil ostean, bakarrik bizi izan da Nara prefeturan, Japoniako mendebaldean.
Mendizalea
Mendizale amorratua dela aipatu dute, horretan ibili da buru-belarri eta bistan da ariketak bere osasunari mesede egin diola.
Gerontological Research Group erakundearen arabera, 100 urte zituela oraindik makulurik erabili gabe Ashiya baselizako harrizko eskailerak igotzeko gai zen, baina 2019an zaharren egoitza batean sartu ostean, gurpil-aulkia behar izan zuen mugitzeko.
Biziraupenaren errekorra, neurtu ahal izan dena kontuan hartuta beti ere, Jeanne Calment frantsesak du, 1997an hil baitzen 122 urte eta 164 egun zituela. Haren atzetik dator Kane Tanaka japoniarra, 119 urte eta 107 egun bizi izan zituena.
«Ehun urtedun» titulua lortzeko, 110 urteko muga gainditu beharra dago, eta Osakako adineko emakumeak 2018ko maiatzean ofizialki bete zituen.