Gernikako txapeldunek, Erkiagak eta Mancik, batera jarraituko dute Lekeition
Barandika-Zabala, Arbe-Ibarluzea eta Laduche-Del Rio izango dira asteburu honetan hasi eta hilaren 31an amaituko den Master Seriesaren parte-hartzaileak, Erkiaga-Manci bikotearekin batera, Gernikako Grand Slameko txapeldunak.
Aritz Erkiaga eta Mikel Mancisidor ‘Manci’, amaitu berri den Gernikako Grand Slameko txapeldunek elkarrekin jarrituko dute eta Ispasterko aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak bikotea osatuko dute larunbat honetan hasi eta hilaren 31an amaituko den Lekeitioko Master Seriesean. Gauzak horrela, Santi Brouard pilotalekuan estreinatuko dute Gernikan irabazitako txapela.
Zalantzarik ez dago, eurak izango dira lehiaketa honetako erreferentzia nagusiak, nahiz eta lehiatuko diren Barandika-Zabala, Arbe-Ibarluzea eta Laduche-Del Rio ere, maila handiko bikoteak izan. Gernikakoa ez da Erkiagak eta Mancik aurten bikote bezala lortu duten garaipen bakarra. Aste Santuan, Ispasterkoak eta mutrikuarrak Lekeition bertan jokatu zen Master Serieseko txapela lortu zuten. «Helburua bera da» adierazi du Mancik, «txapela lortzea». Erkiagaren esanetan Lekeition «etxean bezala» jokatuko dute. «Seguru publikoa gure alde egongo dela».
Lekeitioko plaza, sendotzen
Lekeitioko plaza indarra hartzen ari da zesta-puntaren munduan. Akarregi pilota eskolaren lanak eta jaialdi profesionalen lehiaketek kirol hau hauspotzen jarraitzen dute. Frontoiaren ezaugarriengatik, gainera, partida biziak ikusten dira, erritmo handikoak eta bertako publikoak oso ondo erantzuten du
Master Series hau, Aste Santukoa ez bezala, ez da Jai Alai Leaguerako puntuagarria baina udako denboraldi betean dator, puntistak euren joko maila altuenean dauden unean.
Laduche lapurtarra, esaterako, Donibane Lohizuneko final handira sailkatu da eta denboraldi honetan bera da Erkiagaren aurka garaipen gehien lortu dituen pilotaria. Hiru guztira.
Ispasterko pilotari handia urte itzela ari da egiten, jokatzen dituen ia txapelketa guztiak irabaziz. Bera izango da «etxekoena» baina Manci bere bikote mutrikuarrak, Barandika gernikarrak eta Ibarluzea, Zabala eta Arbe markinarrek ere gertukoen babesa sentituko dute.
Bosgarren Urrezko Xistera Erkiagarentzat
Aritz Erkiagak ase-ezin jarraitzen du eta, Jérôme Portetek lagunduta, bart Biarritzeko Urrezko Xisteraren 48. edizioa irabazi berri agertu da Lekeitioko aurkezpenera. Txapelketa prestigiotsua eta historia luzekoa da lapurtarra, beste behin Aguilerako Euskal Jai pilotalekua leporaino bete duena.
Finalaren giltza lehen setean egon zen. Aukerak izan zituzten Johan Sorozabalek eta Thibault Basquek baina etxeko bikoteak ez zituen bere aukerak, Erkiagak eta Portetek bezain ongi aprobetxatu. Azken hauek hirugarren partida zuten jarraian baina ez zuten nekerik igarri. 12-15 irabazi zuten lehen jokoa, txapelketa honetako finalera zuzenean sailkatu zen bikote lapurtarraren aurka.
Bigarrenean lan errazagoak izan zituzten. Lehen jokoak ihes eginda eta Erkiagaren aurrean ezintasuna erakutsiz, bost tantu baino ez zituzten egin Johanek eta Basquek.
Gauzak horrela, Johan Sorozabal biarriztarrak ezin izan du iazko arantza atera. 2023an, bere anaia Gorka lagun hartuta, 5-4 galdu zuen desenpatean Goikoetxea eta Lopezen aurka. Aurten, berriz ere, Aritz Erkiaga izan du kontrario nagusi.
Aritz Erkiagarentzat bosgarren Urrezko Xistera da aurtengoa. 2009an irabazi zuen lehena eta 2020, 2021, 2022 eta 2024an hurrengoak. Hauetatik bi Lopezekin irabazi ditu eta gainerakoak Minvielle, Etcheto eta Portetekin. Azken hau denboraldi ona ari da egiten Ipar Euskal Herrian, bertako denboraldiko atzelari onena izan da eta orain arteko garaipen garrantzitsuena lortu du.