Ataunen gertatutako istripua salatu du ELAk Gipuzkoako Aldundiaren aurrean
ELA sindikatuko kideak gaur goizean elkartu dira Donostiako Gipuzkoa Plazan, aurreko astean Ataunean gertatutako istripu hilgarria salatzeko, Aldundiaren aurrean.
Donostiako Gipuzkoa Plazan elkartu dira ELA sindikatuko kideak astelehen honetan, aurreko astean Ataunen gertatutako istripu hilgarria salatzeko. «Urteko 37. langilea da, lanera joan eta bueltatzen ez dena Hego Euskal Herrian», aipatu du Eneko Amenabarrok, ELAko Idazkaritzako kideak. 61 urteko langile bat hil zen ezbehar horretan, Lizarrustin zuhaitz bat gainera erorita. Basogintzan bereziki maiz ari dira gertatzen istripu hauek; Iurretan beste bat izan zen, hau ere hildako bat eragin zuena, egun batzuk lehenago.
Administrazioak honen aurrean erakusten duten «utzikeria» da salatu dutena. Horri buruz zera esan du Amenabarrok: «Lan prekaritatea, behin behinikotasuna, azpikontratazioa eta lan karga altuak dira, azkenean, ezbeharren zerrenda beltz hau potoltzen laguntzen duten aldagaiak».
Amenabarrok aipatu du ere, gaur egungo koiuntura ekonomikoan, «inoiz baino gehiago» enpresek produktubitatea eta etekinak «guztiaren gainetik jartzen» dituztela, «baita, langileon osasun eta lan segurtasunaren gainetik ere». «Guzti hau gertatzen da Administrazioaren utzikeriagatik eta axolagabekeriagatik», ziurtatu du.
ELA sindikatutik, langileen gertukoenei elkartasuna adierazteaz gain, egoera hau salatu beharra dela aipatu dute. Izan ere, gaur egungo «eredu ekonomiko eta administratiboen utzikeriek langileentzako konpondu ezin diren ondorioak ekartzen dituzte».
Langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko kontrol handiagoa behar dela sektore guztietan nabarmendu dute, baina «basogintzan bereziki, izan ere krudelkeria hau sektore honetan gehiago nabarmentzen baita».