Narbarteko festetan izandako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratzea egin dute
Bertizarana eta Malerrekako mugimendu feministak deituta, hilaren 21ean Narbarteko festetan jazotako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute.
Nabarteko jaiak ospatzen ari zirela, iragan asteazkenean, hilak 21, bertako emakume batek eraso matxista sufritu zuen eta astelehen honetan kalean eman du erantzuna mugimendu feministak. Narbarteko plazan egin dute protesta, Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feministak deituta.
Erasoa jasan zuen emakumeari «babes eta elkartasun osoa» adieraztearekin batera, azpimarratu nahi izan dute «Bertizaranan eta Malerrekan badagoela mugimendu indartsu bat eraso matxisten aurka gogor borrokatzen saiatzen ari dena».
Narbarten gertatutakoak argi uzten du, mugimendu feministaren aburuz, «gure eskualdeko besta eredua ez dela batere segurua emakumeontzako». «Erasoak egon badaude, baina salaketetara gutti ailegatzen dira», azaldu dute.
Ildo horretan, adierazi dute jazotakoa ezin dela «modu isolatuan» ulertu, halako erasoak «begietara ikusezina den sistema oso baten adierazpen bortitzenak» baitira. «Sistema kapitalista eta zisheteropatriarkala da –gaineratu dute– horrelako erasoak ahalbidetzen dituena, emakumeak azpiratuak izan gaitezen beldurra sorrarazten jarraitu nahi duena».
Horregatik aldarrikatu dute, hain zuzen, «guztion ardura» dela «bertze gizarte eredu bat eraikitzea, jarrera eta eraso matxistak gaitzetsi eta erantzun bat ematea, inolako salbuespenik gabe».
«Denek dugu ardura eta denek dugu zeregina, erasotzailea existitzen abda, hau babesten duten konplizeak existitzen direlako pasatzen da», ohartarazi dute.