INFO

‘Irati’ eta ‘20.000 erle espezie’ filmeen artean erabakiko dira euskal aktoreen sariak

Itziar Ituño, Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti –bi hauek izendapen bikoitzarekin–, Gorka Otxoa, Ane Gabarain edo Eneko Sagardoy... zerrenda luzea da, lehen mailakoa. Urriaren 2an jakingo da Euskal Aktoreen Batasunak bi urtean behin ematen dituen Besarkada sariak nortzuk irabazi dituzten.

Paul Urkijo, Edurne Azkarate, Itziar Ituño eta Jamixel Bereau, iaz Donibane Lohizunen ‘Irati’ filmearen aurkezpenean. (Patxi Beltzaiz | FOKU)

Bi urtean behin banatzen ditu Euskal Aktoreen Batasunak antzerki, telebista eta zinema arloetako Besarkada sariak. Aktoreek beraiek aukeratzen dituzte, beraz, lankideen interpretazio lan nabarmenenak. Aurten izendatuen zerrenda 365 afiliatu profesionalen artean egindako lehen bozkaketa baten ondotik atera da.

Datu batzuk aipatzearren: Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ eta Paul Urkijoren ‘Irati’ filmeek zinema ataleko izendapen guztiak hartu dituzte, sei guztira. ‘Irati’-ko aktore nagusien interpretazio erronka baloratu da: Eneko Sagardoy, Kepa Errasti eta Edurne Azkarate izendatuta daude –Itziar Ituño, ordea, ez da zerrenda honetan sartu–; eta, ‘20.000 erle espezie’ filmari dagokionez, azken urteetako beste euskal ekoizpen handietako bat ere nabarmendu nahi izan dute aktoreek Martxelo Rubio, Ane Gabarain eta Patricia Lopez de Arnaiz izendatuz.

Azkenengo biek izendapena partekatzen dute, Besarkada sarietan ez baita bereizketarik egiten protagonista eta taldeko aktoreen artean.

Beste datu bat:Aitziber Garmendia eta Kepa Errasti nabarmentzen dira, izendapen bikoitzarekin. Lehena Tanttaka-ren ‘Del color de la leche’ lanarekin oholtza gainean egindako lan delikatu eta sentiberagatik, eta ‘Muertos S.L.’ (Movistar Plus+) umore beltzeko seriean azaldu duen komediarako dohainagatik; eta bigarrena berak ekoitzi duen ‘Posdatarik gabeko gutunean’ (Xake Produkzioak) oholtza gainean egindako lan onagatik, eta Paul Urkijoren ‘Irati’ filmean egin zuen antagonista paperagatik.

Antzerki atalari dagokionez, Olatz Ganboa eta Aitor Borobiaren lanak nabarmendu nahi izan ditu afiliazioak, Maria Goiricelayak zuzendutako ‘Festen’ antzezlanean egindako lanengatik. EABk aipatzen duen bezala, hemen bi astez bakarrik ikusi ahal izan zen lana, Arriaga Antzokian lehenengo eta Gasteiz eta Donostian ondoren.

Garbiñe Intxausti ere agertzen da faboritoen artean, Kulunka konpainiaren ‘Forever’ lanean antzezten dituen pertsonaiei era guztietako sentimenduak ematea lortu duelako maskara baten atzean ezkutaturik. Max sarien azken edizioan ere antzerki egile onenaren saria jaso zuen lan honengatik.

Iñigo Aranburuk osatzen du atala, Tentazioaken ‘Ez naiz Inoiz Dublinen egon’-en egin duen lanagatik. Zinema atalean izendatua geratzeko zorian egon da, boto gutxi batzuen faltan, ‘Nina’ filmean egindako lanagatik.

Telebistaren atalean aurpegi ezagunak nabarmentzen dira. Itziar Ituño, iada 2020ko Besarkada saria jaso zuen ‘La casa de Papel’ telesailean egindako lanagatik eta, oraingoan, ‘Detective Touré’ (EITB / RTVE) lanagatik izendatua izan da.

Hala ere, EABk aurreratzen duenez, Itziar Atienza da, ‘Entrevías’ telesailean (Mediaset España, Telecinco) egindako lanagatik, ataleko faboritoa, eta Aitziber Garmendia gehitzen zaio ‘Muertos S.L.’-n egindako lanagatik.

Atal berean, baina gizonezkoak: Gorka Otxoa, ‘Machos Alfa’ (Netflix) telesaiko bi denboraldietako lan sendoagatik; Josean Bengoetxea, ‘Balenciaga’ (Disney+) apartagatik, eta Koldo Olabarri, Mario Cohn eta Duprat anaien ‘Bellas Artes’ (Movistar Plus+) telesailean ñabarduraz beteriko interpretazioa eskaintzeagatik.

Hogeigarren edizioa

Aurten EABk bere sarien hogeigarren edizioa ospatuko du eta gala berezi batekin ospatu nahi da. Hodei Arrastoa eta Kepa Errasti aktoreek gidoigintzan eta zuzendaritzan parte hartuko dute oraingoan, eta Alazne Astorgak, Ima Koiotek, Xanti Korkostegik, Mirena Nafarretek eta Jaione Urtasunek aurkeztuko dute gala.

Zuzendarien hitzetan: «Hain ezagunak ez diren afiliatuei protagonismoa eman nahi izan diegu. Horrek ez du esan nahi beti langabezian daudenik: kasu batzuetan, publiko zabalago batentzat oso ohikoak edo ezezagunak diren proiektu edo zirkuituetan mugitzen dira eta haien lanen kalitatea nabarmendu nahi dugu».

Ekitaldia Bilboko Campos Eliseos Antzokian izango da, urriaren 2an. Eta hemen atal desberdinetako izendapenen zerrenda:

ANTZERKIA
Antzerki emanaldi onenaren saria lortzeko lehiatzen diren emakumezko aktoreak:
    • Olatz Ganboa, ‘Festen’. Arriaga Antzokia eta La dramática Errante.
    • Aitziber Garmendia, ‘Del color de la leche’. Tanttaka Teatroa. 
    • Garbiñe Intxausti, ‘Forever’. Kulunka

Antzerki emanaldi onenaren saria lortzeko lehiatzen diren gizonezko aktoreak:
    • Iñigo Aranburu, ‘Nunca he estado en Dublín’. Tentazioa.
    • Aitor Borobia, ‘Festen’. Arriaga Antzokia eta La dramática Errante.
    • Kepa Errasti, ‘Posdatarik gabeko gutuna’. Xake produkzioak

TELEBISTA
Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko lehiatzen diren emakumezko aktoreak:
    • Itziar Atienza, ‘Entrevías’. Mediaset España, Telecinco
    • Aitziber Garmendia, ‘Muertos S.L.’. Movistar Plus+
    • Itziar Ituño, ‘Detective Touré’. EITB / RTVE

Telebistako interpretazio onenaren saria lortzeko lehiatzen diren gizonezko aktoreak:
    • Josean Bengoetxea, ‘Balenciaga’. Disney+
    • Koldo Olabarri, ‘Bellas Artes’. Movistar Plus+
    • Gorka Otxoa, ‘Machos Alfa’. Netflix

ZINEMA
Zinemako interpretazio onenaren saria lortzeko lehiatzen diren emakumezko aktoreak:
    • Edurne Azkarate, ‘Irati’.
    • Ane Gabarain, ‘20.000 erle espezie’.
    • Patricia López de Arnaiz, ‘20.000 erle espezie’.

Zinemako interpretazio onenaren saria lortzeko lehiatzen diren gizonezko aktoreak:
    • Kepa Errasti, ‘Irati’.
    • Martxelo Rubio, ‘20.000 erle espezie’.
    • Eneko Sagardoy, ‘Irati’.