INFO

55 urteko langile bat hil da Arbizun, aldamio batetik erorita

Lan istripuen kontrako protesta, Nazioarteko Egunean. (Monika del Valle | Foku)

Langile bat hil da larunbat honetan, lan istripuz, Arbizun. Lehenengo datuen arabera, 55 urteko gizonezko bat zen.

Aldamio batetik erori dela zabaldu da. Lurretik hiru metro ingurura omen zebilen lanean baina kolpe latza hartu du.

Urtzubar industriagunean gertatu da ezbeharra. Oraindik ez dago datu gehiagorik, ez hildakoari buruz, ezta enpresaren gainean ere.

SOS Navarrak jakitera eman duenez, eguerdiko 12.49tan jaso du deia eta helikoptero bat, bi anbulantzia eta Arbizuk gertu den Etxarri-Aranazko sendagilea bidali ditu lantegira. Gizona berpiztu zedin saiatu dira baina alferrik izan da dena eta zoritxarreko albistea jakinarazi behar izan dute.

 


LABek bildutako datuen arabera, 39 langile hil dira aurten Euskal Herrian. Azkena Amezketan istripu larria izan zuten 30 urtkeo gaztea, duela bi egun eskas. Paper lantegi batean izan zuen ezbeharra eta hiru egun erietxean hil ala biziko egoeran eman ondoren zendu zen.

Abuztuaren 22an, Ataungo Lizarrustin basogintzan lanean ziharduen beste gizon bat hil zen, kasu honetan 61 urtekoa, gainera zuhaitz bat erori zitzaiolako. Hamar egun eskasetan, hiru langilek galdu dute bizia beren lan jardunean.