INFO

Herri antzerkia eta martxa zaharra euripean Donostia suntsitu zuten abuztuaren 31. hura gogoan

Egunez bero galantari aurre eginez eta arratsalde partean euriak oztopatuta, 1813ko abuztuaren 31a  gogoratu dute aurten ere donostiarrek, ekitaldi ofizialak eta herri mailakoak tartean.

‘Donostia sutan, isildutako sarraskia’ izenburupean gertatutakoa antzeztu dute San Bizente elizatik abiatuta. (Andoni Canellada | Foku)

Sutearen simulazioak bukaera jarri die abuztuaren 31ko ekitaldiei larunbat honetan Donostian. 1813an hiria guztiz suntsituta geratu zela oroitzeko aukera izan da aurten ere, eguna zinez nahasia izan den arren, goizetik gauera eta ekitaldi ofizialekin batera herri ekimenen eskutik egindako beste batzuk batuz.

Ohi bezala, Santa Maria Basilikan burututako mezarekin abiatu da ospakizunaren alde ofiziala. Udal agintariek lore eskaintza egin dute gero Itsas Atean.

Arratsaldean, 17.00etan Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi-hotsak entzun dira, armaden arteko talka hura irudikatuz. Segidan batzuk zein besteak Zuloaga Plazan egin dute talka eta kalez kale ibili dira borroka odoltsu hura irudikatuz.

Hurrengo parada 19.00etan gertatu da, Bulebarren. Minutu bateko isilune baten ostean, hildakoen omenez, San Sebastianen martxa zaharra jo dute. Baina hau guztia euripean gertatu da, ordu horretan heldu baita ekaintza Donostia erdigunera. Hala ere, musikariak ez dira kokildu, eta dantzariak are gutxiago.

Ordu eta laurden geroago, ‘1813 herri memoria zabaldu’ izeneko ekimenaren baitan, antzerki ibiltaria izan da kalez kale Parte Zaharrean, San Bizentetik abiatuta.

Ilundu ostean heldu dira gainerako ekitaldiak, hauek ere egitarau ofizialekoak: gazteluaren erasoa eta Donostia nola erre zuten antzeztu dute Zuloaga Plazan, eta sutearen simulazioa egin dute, eguraldiak giroa dexente itsusitu arren.

Hildako asko eragin zituen 1813ko sarraskiak, baina kopurua ezin izan da zehaztu. Herritar xumeen aurkako erasoa izan zela, ez bakarrik soldaduen arteko odolustea, nabarmendu zuen elkarrizketa honetan Iñaki Egaña historialari donostiarrak, 2013ko bigarren mendeurrenaren testinguruan.