INFO

Duela 50 urteko lehen bertso-eskolaren oinordeko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, hastear

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa lehen bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenarekin dator. Urretxun hasiko da lehiaketa, irailaren 14an, eta abenduaren 14an amaituko da Donostian, finalarekin. 25 urtetik beherako bertsolari onenari sari berezia emango diote.

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako parte-hartzaile eta epaileetako batzuk. (Jon URBE | FOKU)

Almen bertso-eskola, haurren lehenengoa, sortu zenetik 50 urte bete dira 2024 honetan. Ospakizunetan murgilduta egingo da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Eskolari omenaldia egiteko modu bat izango da ere, bertso-eskolarik gabe ez legokeelako txapelketarik.

Hala azaldu dute ostegun honetan Apotzako elkartean, Eskoriatzan, egin duten edizio honen aurkezpenean. Tokia ez da ausazkoa izan, bertan elkartzen baitziren bertso zaharrak ikasten hasi ziren lehen haurrak.

«Azken 50 urteotako bertsolaritzaren historia ez da ulertzen hemen egin zena gabe», laburbildu dute txapelketan parte hartuko duten bertsolarien, epaileen, Almen bertso eskolako kide zahar eta gazteen eta Debagoieneko bertso-eskoletako haurren aurrean.

Leintz bailaran bidea urratu zuen eskola horretaz bi ekarpen nabarmendu dituzte. Batetik, zaletasun bat transmititu zutela, pasio bat. Horrez gain, taldeak duen garrantzia helarazi zitzaien orduko ikasleei. Hauek parafraseatuz aurkezpenean esan dutenez, «norberaren arrakastak ez zuen zentzu gehiegi besteekin batera joan gabe ez bazen».

«Hitzarekiko zaletasuna eta izaera kolektiboa dira geratzen zaizkigun bi gauza behintzat, eta horixe nahi genuke aurtengo txapelketarentzat ere», adierazi dute Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kideek.

Irailaren 14tik abenduaren 14ra

Datorren irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxuko Labeaga aretoan. Beste sei saio izango ditu fase honek, urriaren hasierara arte, Lasarte-Orian, Lazkaon, Elgoibarren, Hondarribian, Andoainen eta Azpeitian. 42 bertsolari lehiatuko dira fase honetan eta saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengora.

Final-laurdenak 30 bertsolarik jokatuko dituzte, sei bertsolariz osatutako bost saiotan. Ondoren, final-laurdenetan sailkatzen diren 18 bertsolariak finalaurrekoan lehiatuko dira. Sei bertsolariz osatutako hiru saio jokatuko dira eta bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera.

Finala abenduaren 14an izango da, Ilunben, Donostian. Berritasun gisa, aurten 25 urtetik beherako bertsolari onenari sari berezi bat emango diote, gazteenen parte-hartzea saritu eta ikusarazteko.

‘Trigger’en sintonia

Bide batez, txapelketaren sintoniaren aurkezpena egin dute Eskoriatzan. Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ ezizenarekin lan egiten duen musikariarena da erritmo markatua duen ‘loop’a.

Egileak berak azaldu duenez, erronka izan da beretzat hau, bertsolaritzaren munduan ez duelako lan egin, baina bertsolaritzak azken urteotan bizi izandako eraldaketa eta modernizazioa islatzen saiatu da.