INFO

Gorbeialdea Defendatuk Aldundiak pankartak kenduz adierazpen askatasuna urratu diela salatu du

Gorbeialdeko zenbait bizilagunek salatu dute Aldundiak beren adierazpen askatasuna urratu diela, beraien etxeetan dauden pankartak kenduaraziz eta zigor ekonomikoa jarriko diela mehatxu eginez. Publikoki barkamena eskatzeko eta oinarrizko eskubide guztiak bermatzeko eskatu diote.

‘Solaria kanpora’ jartzen duen pankarta kenarazi nahi diete Gorbeialdeko bizilagunei. (Gorbeialdea Defendatu)

Gorbeialdea Defendatu kolektiboak Arabako Aldundiak «adierazpen askatasuna» urratu diela salatu du Solaria enpresak eraiki nahi duen makroproiektua salatzen zuen pankartak kenarazi dizkiela argudiatuz.

Ohar baten bidez jakinarazi dute pasa den uztailean Gorbeialdeko zenbait herritarrek beraien jabetzako espazioetan jarritako pankartak kendu zituela aldundiak herri ezberdinetan, «ekintza hori aldez aurretik abisatu gabe eta pankarta horien jabeen baimenik gabe egin zen, adierazpen askatasunerako eskubidea urratuz».

«Orain, presio eta intimidazio neurri gisa, Aldundia gutunak bidaltzen hasi da kendu ezin dituzten pankartak kentzeko eskatuz, zigor ekonomikoekin mehatxatuz», azaltzen du oharrak. Eta hori egiteko Aldundiak ekainaren 25eko 20/1990 Foru Araua erabili duela argitu dute. Honakoa dio arauak: «Publizitatearen debekua: Errepideetako hiri barruko zatietatik kanpo, debekatuta dago publizitatea egitea errepideko jabari publikoko eremutik ikusteko moduko edozein lekutan, eta muga horrek ez du inola ere kalte ordaina jasotzeko eskubiderik emango».

Gorbeialdea Defendatu taldeak, adierazi du beraien ustez arau hori «guztiz aplikaezina» dela kasu honetan, «pankartak ez baitira iragarki komertzialak, herritarren protesta adierazpen legitimoa baizik».

Aldundiak aurkeztutako txostenak, ordea, argudiatzen du lege horri berari helduta, ‘Solaria kanpora’ dion pankarta hiri barruko eremuetatik kanpo dagoela eta ez dela kartel informatiboa, «horrek nahastea edo distrakzioa eragin dezake errepideko erabiltzaileengan, eta horrek bide segurtasunerako baldintzak kaltetzea dakar». Eta horregatik egin diela bizilagun horiei gutun bidez kentzeko eskaera.

Makroproiektuen aurka

«Ekintza errepresibo horiek makroproiektu energetikoak sustatzen dituzten enpresa handien (kasu honetan, Solaria) interesen etengabeko defentsaren aldeko apustu argia islatzen dute, tokiko biztanleen eskubide eta eskarien kaltetan, horiek mehatxatzen eta isiltzen baitituzte», zehaztu dute oharrean.

Gorbeialdea Defendatuk gogorazi du beraien mugimendua lurraren, biodibertsitatearen eta bertako komunitateen defentsan egiten dutela lan, eredu energetiko ekosozial justuago eta jasangarriago baten alde. Horregatik, hiru eskakizun zehatz egin dizkiote Aldundiari:

Batetik, «berehala bertan behera uztea kartelak jarri dituzten bizilagunei zigor ekonomikoak jartzeko mehatxuak», bigarrenik Aldundiak kendutako pankartak itzuli eta «barkamena publikoki eskatzea oinarrizko eskubideen aurka jo dutelako». Eta azkenik, Gorbeialdeko bizilagunen adierazpen eta adierazpen askatasunerako eskubidea erabat errespetatzea.

Etorkizun jasangarri eta bidezkoago baten alde lanean jarraituko dutela gaineratu du: «Gelditu dezagun Aldundiaren konplizitatea gure lurraldea eta gure bizitzeko modua suntsitu nahi dutenen aurrean».