INFO

Koldobika Jauregi Leitza eta Berastegiren arteko baso batean omenduko dute

Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan omenduko dute larunbate honetan, hilak 7an, Koldobika Jauregi artista, Azken Muga jaialdiaren barnean. Euskahaldunak eskultoreen elkarteko kideak deituta, hogeita hamar artista inguruk hartuko dute parte, basoan obra bat jarriz. 

Koldobika Jauregi, 2018an, Baionan bake prozesua ospatzeko eraiki zuen eskulturekin. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurten, Zarateko pagadien ohiko eszenatokia utzi, eta Araitz, Berastegi, Lekunberri, Larraun eta Leitzako udalerrietara zabaldu da Azken Muga jaialdia. Hasiera uztailean eman zioten Et Incarnatus orkestraren kontzertuarekin –Uztegiko zelaietan egin zen–, eta joan den asteburutik, eta bi asteetan zehar, txondorra piztuta dute Lekunberrin.

Larunbat honetarako prestatutako hitzorduan protagonismo berezia izango ekainean hil zen Koldobika Jauregi eskultore handiak. Sortzez Alkizakoa, Euskal Herrian eta nazioartean sona handiko artista izan da, berrogeitik gora urte eman ditu harria, egurra, metala eta paretak zizelkatzen, mota guztietako materialak eta teknikak erabilita.

Alkizan bertan Ur Mara museoa eraiki zuen Jauregik, natura eta artea lotzen duen gune ederra. Momentuz itxita dago.

«Azken urte hauetan zehar Azken Mugarekin izan duen harremana eta Eskuahaldunak eskultoreen elkartearen sorreran izan duen papera direla eta, garrantzi berezia ematen diogu artistari egingo diogun omenaldiari, edizioaren ardatza izanik», elkarteak berak aipatu duenez.

Ekitaldia goizeko 11.00an hasiko da Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugako basoan, zehazki  Zazpizubin, Urtokozubieta-Plazaolan (Berastegi-Leitza). Hogeita hamar artista inguruk hartuko dute parte, basoan obra bat jarriz. Performanceak, musikak, bertsoek eta bideoek osatuko dute ekitaldia, eta lankideek eta artistaren lagunek hartuko dute parte. Omenaldia zabaldik dago parte hartu nahi dutenei.

Era berean, Juan Antonio Urbeltz koreografo eta dantzariari emango zaio aurtengo Garoa saria. Gure kulturaren pertsona garrantzitsu bati urtero ematen zaion saria da. Urbeltzek, gainera, Koldobika Jauregirekin partekatu zuen ‘Dantza’ filmaren lanketa prozesua ere.

Eta hilak 7tik irailaren 22ra ‘Genozidioari Stop!’ izeneko erakusketa egongo da ikusgai Leitzako udaletxean.