INFO

Ezker abertzalearen proiektua bizirik dela adieraziko du Sortuk Txiki eta Otaegiren urtemugan

Txiki eta Otagiren fusilamenduekin ezker abertzalearen proiektu politikoa hiltzen saiatu zirela baino ez zutela lortu eta gaur egun oso bizirik dagoela aldarrikatuko du Sortuk hilaren 29an Azpeitiko Soreasu antzokian egingo duen ekitaldian.

Sortuk duela bi urte Tolosan eginiko ekitaldia, Txiki eta Otaegi gogoan. (Iñigo Uriz | Foku)

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrean ekitaldia egingo du Sortuk Azpeitiko Soreasu antzokian (12.30), «frankismoak akabatu nahi izan zuen proiektu politiko hura inoiz baino biziago eta indartsuago dagoela aldarrikatzeko».

Ohar batean Sortuk nabarmentzen duenez, 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Jon Paredes Manot «Txiki» eta Angel Otaegi «ezker abertzaleko militanteak ziren, Euskal Herri asko eta justu baten alde borrokan zihardutenak».

«Horregatik hil zituzten, eurekin batera proiektu politiko bat eta komunitate konprometitu bat ere akabatuko zituztelakoan. Ordea, ez zuten lortu; Txiki eta Otaegiren askatasun ametsak eta irrintziak bizirik dirau; areago, inoiz baino indartsuago dabil», gaineratu du Sortuk.

‘Irrintzi bat dabil’ lelopean antolatuko da Azpeitiko ekitaldia. «Isildu ezin izan zuten irrintzi hura bizirik da beraz Euskal Herriaren luze-zabalean. Hain justu, irailaren 29a bada askatasunaren aldeko irrintzi hori berresteko eguna. Ez gara atzera begiratzeaz ari, ezpada bizirik eta indartsu dagoen komunitate baten proiektu politikoa berresteaz. Helburu hori izango du nazio ekitaldiak (baita irailaren 27an bertan herrietan egingo dituzten dozenaka ekitaldiek ere): ezker independentismoaren komunitatea biltzea, Euskal Herriaren askatasuna helburu duen proiektu politikoa berrestea, eta ikasturteak dakartzan erronketarako indarrak hartzea», azaldu du Sortuk.

«Geroz eta indartsuago»

«Izan ere, ezker independentismoa eta haren proiektua geroz eta indartsuagoa da, azken hilabeteotan argiki ikusi den moduan: iazko udazkenean eta udaberrian izandako askotariko herri aldarrikapen eta mobilizazioak, EH Bilduk eta EH Baik lortutako babesa eta hauteskunde emaitzak, Euskal Herriak ultraeskuinari ateak itxi izana... Oinarri horretatik abiatuta, bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri aske baterako bidean sakontzea da Sorturen erronka nagusia ikasturte honetan, besteak beste, nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzan arituz eta balioen eraldaketa bultzatuz, eta ezker independentismoa indartuz», nabarmendu du Sortuk.

Azken urteotan, Euskal Herriko hainbat artistaren obrak izan dira Sorturen iraileko nazio ekitaldiko kartelaren oinarria. Aurtengoan, Taxio Ardanaz artista iruindarrak egin du kartela, Telesforo Monzonek idatzitako eta herriaren irrintzi bihurtutako ‘Batasuna’ abestiaren letrari tiraka. «Irrintziak gogo-aldarte baten adierazpena da, eta ezker independentismoaren gogo-aldarte kolektiboa honelakoa da: pozik gaude, indartsu gaude eta borrokan segitzeko prest gaude, gure helburuak lortu arte. Hori jasotzen du kartelak», azaldu du Sortuk.