INFO

Isuna ezarri dio Gorka Torreri Baionako Auzitegiak bide-seinaleen auziagatik

«Geldi euskara zapaltzea» pintada egiteagatik eta euskararen bazterketa salatzeko frantsesez idatzitako hainbat seinale kendu eta Bizkaia Zubian uzteagatik epaitu dute Gorka Torre Baionan. 2.000 euroko isuna ezarri diote. Beste 1.268 euro ere ordaindu beharko ditu eragindako kalte materialengatik.

Gorka Torreri babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Baionako Auzitegiaren aurrean epaiketa hasi aurretik. (Patxi BELTZAIZ)

Gorka Torreren aurkako bigarren epaiketa izan da astearte honetan Baionako auzitegian. Suprefeturaren hormetan margoketa bat egiteagatik –«Geldi euskara zapaltzea»– eta Herribiltza kolektiboarekin errepideetan euskarak jasaten duen bazterketa salatzeko buruturiko ekintza batengatik epaitu dute. Zehazki, Nafarroa Behereko hainbat herritako izenen bide-seinaleak –frantsesez idatziak– kendu eta Portugaleten Bizkaia Zubian utzi zituen Herribiltzak 2023ko otsailaren 24an, «euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatu» eta «gure hizkuntza hiltzen duten» seinaleak, hain zuzen ere.

Martxoan izan zuen epaiketan bezala, epaileak ez dio euskaraz hitz egiten utzi eta Torrek gelatik alde egin du, auzia hasi eta hogei minutu ingurura. 

Kazeta.eus agerkariak azaldu duenez, fiskalak 2.000 euroko isuna eskatu du Torrerentzat. Zehazki, 1.500 eurokoa eskatu du ondasun publikoetan kalteak eragiteagatik, diru kopuru horretatik 500 ordaintzeko beharrik gabe, eta beste 500 euro hatz-markak emateari uko egiteagatik.

Azkenean, epaileak 2.000 euroko isuna ezartzeko agindu du, horietatik 500 gibelapenarekin, Gainera, beste 1.268 euro ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseiluari, eragindako kalte materialengatik.

Elkarretaratzea kanpoan

Auzitegira sartu aurretik, ekintzailearen aldeko elkartasuna eta hizkuntz eskubideen aldeko aldarria zabaldu dute dozenaka euskaltzalek atarian.

Kazeta.eus-ek azaldu duenez, 80 bat lagun bildu dira elkarretaratzean, tartean Etxepare lizeoko ikasleak. 1992an Seaskako lizeo horretan zirela, auzipetuarekin batera baxoa azterketa egin zuten hainbat ikaskidek gutuna plazaratu zuten Euskal Herrian Euskaraz kolektiboaren itzalpean, agorril ondarrean eginiko deialdia babesteko. Euskal Konfederazioak ere bat egin du gaurko mobilizazioarekin.