Stefano Ragazzok bakarka eskalatu du ‘Eternal Flame’ bide entzutetsua
Eskalatzaile italiarrak bederatzi egun behar izan ditu Izenik Gabeko Dorrean (6.251 m, Karakorum) dagoen ibilbide gogor eta estetiko hori igotzeko. Lehen aldia da marra hori estilo horretan eskalatu dena; hortaz, historia egin du.
Onartu behar da Stefano Ragazzok ahoa bete hortz utzi duela nazioarteko eskalatzaileen komunitatea ‘Eternal Flame’ bidea (7b+, A2, 650 m; 7c+ era askean) bakarka igo eta gero. Arrakasta izan du, baina, era berean, azpimarratu behar da garaiera handian dagoen bide luze, tekniko eta gogor hori estilo horretan egitea ausartu dela.
Izenik Gabeko Dorrean ‘Eternal Flame’-k ia erabateko protagonismoa du. Aura berezia ere. Kurt Albert, Wolfgang Gülich, Christof Stiegler eta Milan Sykorak osatutako taldeak 1989. urtean zabaldu zuen. Proposamen hori sortu bezain laster, lehen lerroko makina bat eskalatzailek bisita egin zioten ibilbideari.
Ohiko zikloa hasi zen: lehen errepikapenak, ibilbide osoa askatzeko lehen ekinaldiak... ‘Eternal Flame’ erabat askatu zutenak, adibidez, Thomas eta Alex Huber anaia alemanak izan ziren 2009an. Gehienez, 7c+ maila igo zuten. Nolabait esateko, Ragazzok ziklo hori itxi du marra handi hori bakarka eskalatzen. Jakina, ez du guztiz era askean eskalatu; izan ere, estilo horrek beste kontu batzuk eskatzen ditu. Alabaina, 6c+ maila arteko luzeak kateatu ditu. Alpinista italiarrak, denera, bederatzi egun behar izan ditu ‘Eternal Flame’-n egiten ari zen lana biribiltzeko.
Proiektu horren inguruan, Ragazzok adierazi du ‘Eternal Flame’ bakarka igotzeko xedea duela zortzi urte sortu zela: «Nire bikotearekin Patagonian nengoen. David K. Russel eskalatzaileak eta artistak gurekin partekatzen zuen apartamentua. Eskatu nion munduko hormatzar bat marraztea, eta hark Kapitain (Yosemite) eta Izenik Gabeko Dorrea marraztu zituen. Zortzi urte beranduago, maiatzean Kapitaineko “The Nose” eta joan den uztailean “Eternal Flame” bakarka eskalatu ditut».
Bakarkako jarduera batek lan bikoitza (hirukoitza ere) eskatzen duenez, buruhausteek maiz protagonismoa hartzen dute. Adibidez, italiarrak bidearen behe aldean arazoak izan zituen petatearekin; behin baino gehiagotan trabatzen zen tximinietan eta artesietan. Horregatik guztiagatik, lasai hartu zuen igoera osoa. Jaistea ez zegoen bere gidoian.
Lan handia
Garaiera handian dauden hormatzarrak eskalatzen dituzten espezialistentzat ‘Eternal Flame’ erreferente bat da. Ragazzok sokadan igo zitekeen, baina bakarkako estiloan eskarmentu berri bat bizi nahi zuen. Ñabardura guztiak oso ondo aztertu ondoren, bere burua prest ikusi zuen bakar-bakarrik jarduteko.
‘The Nose’-n izandako eskarmentuak asko lagundu zion, eta ziur zegoen prestatuta zegoela nortasun handiko eskalada hori egiteko: «Helburu horretarako oso sasoiko egon behar nintzen, baina batez ere banekin burua asko landu behar nuela. Kontuan hartu behar da ere “Eternal Flame” ikono bat dela eta jende guztiaren begiradak jasoko nituela. Bide hori eskalatu duen lagun baten adierazpenek zalantzak sortu zizkidaten. Uste nuen ez zela egingarria izango, baina aurrera jarraitu nuen. Halere lagun horrek bidearen inguruan emandako azalpenek asko lagundu zidaten. Banekien oso zaila izango zela. Kontuan hartu behar da 6.000 metrora 7a mailako luze bat eskalatu behar dela zeure burua bakarrik babesten. Zalantzak nituen, baina diodan bezala prest nengoen jarduera horretan sartzeko».
Trekking-ean hesteetako arazoak izan zituen; sukarra ere. Ondoren, bakarkako jarduera bat zenez, zama guztia garraiatu behar izan zuen harri solte asko dituen aldapa gogorrean gora. Tresneria guztia bidearen oinarrian zuela, lehenik eta behin girora egokitu zen. Eguraldia oso aldakorra izan zen.
60 metroko soka batekin lanean hasi zen. Protagonista honek onartu du bere arau nagusiena indarrean jarri nahi zuela; hots, zerotik hasi. Ez zuen soka finkorik, eta horrek ez zizkion aukerak ematen igotzeko eta jaisteko.
‘Eternal Flame’ igotzea lauzpabost egunetan aurreikusten zuen, baina, azkenean, bederatzi izan ziren: «Eguraldia ez zen oso egonkorra, baina leiho on batzuk iragarri zizkidaten. Eguraldi kaskarrarengatik, une jakin batean benetako leiho on bat iritsi arte kanpaleku nagusira jaistea otu zitzaidan. Baldintza horietan 5.500 metrora 7a mailako artesiak (izotzarekin eta elurrarekin) lumazko berokiarekin eta eskularruekin eskalatzen saiatzea muturrekoa da. Baina hori zen nik aukeratu nuena».
Eskalatzaile italiarrak aurreratu du igoera horretan hainbat ezusteko izan zituela: hirugarren egunean hamaka hondatu zuen, bosgarrenean segurtasunerako erabiltzen zuen gailua arnesetik atera eta amildegitik behera joan zen, zazpigarrenean urarekin arazoak izan zituen, azken egunean piolet bat erori zitzaion…
Zorionez, arazo bakoitza banan-banan konpontzen joan zen, eta uztailaren 25ean ‘Eternal Flame’ bakarka guztiz eskalatu eta Izenik Gabeko Dorreko gailurrera heldu zen. Ragazzok adierazi du une bitxia zein berezia bizi izan zuela: «Azken metroetan korapilo bat egin zitzaidan eztarrian eta arnasa hartzeko arazoak izan nituen. Dronearekin irudiak hartzen ari ziren kideekin koordinatu, lurrean eseri eta negar malkotan jarri nintzen. Pentsa, ez nekien zenbat egun egin nituen horman; ez neukan erreferentziarik. Egun ezegonkorrak izan ondoren, eguzkiak ongietorria eman zidan tontorrean. Zerura begiratzen jarri nintzen, ez nekien zer bilatzen ote nintzen, baina ederra zen».
Igoeran arrakasta lortu eta gero, jaitsierari ekin behar izan zion. Italiarrak onartu du luzea eta oso gogorra izan zela. Grigri-arekin rappelatu zuen, eta korapilo batekin arazoak izan zituen. Alabaina, rappelatzen hasi eta bost ordura Sun Terrace izeneko erlaitzera heldu zen. Sokarekin hainbat arazo izan ostean, 21:30ean kanpaleku nagusi aurreratura iritsi eta oinak lurrean jarri zituen.