Urtarrilean indarrean behar luke zerga erreformak, baina Iriartek dio ez direla izapideak egin
Gipuzkoako zerga erreforma 2025 hasieran indarrean egon dadin onartu behar den foru araua ez du erregistratu Eider Mendozaren gobernuak, edo egin badu, ez du jakinarazi, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez. Erantzukizunez jokatzeko deia zabaldu du.
Hiru hilabete barru indarrean behar luke Gipuzkoako zerga erreformak, baina hori horrela izan dadin behar diren aurretiazko izapideak ez ditu egin foru gobernuak, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez. Bestalde, fiskalitatea «errotik» aldatzea aldarrikatu du, epe laburrean etorriko diren erronkek hala eskatzen dutela iritzita.
Uztailaren 15ean onartu zuten Gipuzkoako batzar nagusiek zerga erreformaren inguruan egindako ponentziaren txostena. EAJk, EH Bilduk eta PSEren artean oinarriak adostuta, foru arauaren zirriborroa erregistratzeak izan beharko luke hurrengo pausoa eta abenduan onartu beharko litzateke beranduenez, erreforma 2025 urtearen hasieran indarrean egon dadin. Iriartek salatu du, baina, halakorik ez dela egin, edo egin bada, foru gobernuak ez duela jakinarazi.
«Horrelako gai batek, erantzukizunez jokatu nahi bada eta herritarrek emandako mandatu politikoari erantzun nahi bazaio, aurretiazko lanketa sakon bat beharko du eta horrek denbora eskatzen du. EH Bilduk, behintzat, hala jarduten du. Hona heltzeko alderdien artean egin dugun lanketaren gisakoak beharko foru gobernuarekin bere inplementaziorako egin beharko denak», adierazi du Maddalen Iriartek Donostian eman duen prentsaurrekoan.
Eider Mendozak gidatzen duen gobernuari galdegin dio kontuan har dezala aurrekontuak lantzeko sasoia dela. «Gure ustez ezinbestekoa da aurrekontuen lanketan hasterako erreforma fiskalari dagokiona bideratuta egotea», adierazi du.
«Sakoneko» erreforma
Iriartek nabarmendu duenez, erreforma fiskalaren foru arauak uztailean sinatutako akordioaren izpiritua jaso beharko luke. Baina, horrez gain, erreforma Gipuzkoatik harago zabaldu behar dela iritzi du, eta herri ikuspegiarekin landu, batean edo bestean hartzen diren erabakiek eragina baitute EAEko hiru lurraldeetan. «Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian nagusi diren hiru alderdien artean egin zen akordioa, EH Bildu, EAJ, PSE; adostasunetarako abiapuntu egokia, beraz», azpimarratu du.
Etorkizun laburrean «erronka handiak» izango ditu parez pare Euskal Herriak, gogoratu du EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak, eta koalizioak identifikatu dituen lehentasunak aipatu ditu: «Besteak beste, zaintza sistema, trantsizio ekosoziala eta etxebizitzaren gaiei erantzun behar diegu. Beste batzuekin batera estrategikoak dira horiek, hala ikusten dugu guk eta herritarrek ere hori adierazten digute».
«Herri erronka handi horiei tamainan erantzungo dieten bitartekoak behar dira, baita baliabide ekonomikoak ere. Horregatik, hau, ez da aldaketa txiki edo ñabarduretarako unea. Erronkari erantzungo dion erroko aldaketa behar du fiskalitateak», ondorioztatu du Iriartek.