INFO

Beñat Marmissolle atharraztarra bigarren, Tor des Géants lasterketa basatian

Zuberoako korrikalariak ezin izan dio aurre egin François D'Haene irabazle frantziarrari. 330 kilometroko eta 24.000 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean lehiatu dira.

Beñat Marmissolle zuberotarrak bigarren postuan bukatu du Tor de Géants lasterketa. (TOR DES GÉANTS)

Ez dakigu ziur, baina itxura du ultra distantzian espezialistak diren euskal lasterkariek muturreko sufrimendua gustuko dutela. Eta horren isla da Tor des Géants lasterketa basatian izan duten protagonismoa. Basatia diogu, denera, korrikalariek 330 kilometro eta 24.000 metroko desnibel positibo dituen ibilbidean dena eman behar dutelako.

Hiru euskal garaipen izan dira. 2013. urtean, adibidez, Iker Karrerak irabazi zuen; errekorra ezarri ere. Lau urte beranduago, Javi Dominguez gailendu zen krono ikaragarri batekin; 70 ordutik behera egin zuen lehen korrikalaria izan zen. Eta zer esango dugu Silvia Triguerosi buruz? Bada, hirutan irabazi duela. Hortaz gain, Top 5 sailkapenean Imanol Alison eta Nerea Martinez ikusi ditugu.

Azkena, Beñat Marmissolle izan da; bigarren postua eskuratu du aurtengo ekitaldian. Debuta zuen Tor des Géants-en, eta atharraztarrari onartu behar zaio ondo kudeatu duela hain muturrekoa den lasterketa hori. François D'Haene izan da garailea; hots, ultra distantzian espezialista handia eta munduko onenetarikoa. Frantziarraren denbora honakoa izan da: 68 ordu, 8 minutu eta 32 segundo.

Nagusitasuna

Ikuskizun zegoen D'Haenek zer egingo ote zuen. Faborito nagusia zen, baina azken hilabeteotan belaun batetan min hartu zuen eta geldirik egon da. Hortaz gain, distantziaren kontuarekin kuriositatea zegoen; izan ere, bikoiztu egin du kilometro-kopurua. Adibidez, gai izan da Mont Blanc-eko Ultra Traila irabazteko, baina horrek Tor des Géants-en kilometraje erdia du. Hots, 166 kilometro.

Hala eta guztiz ere, D'Haenek ez du hutsik egin. Courmayeur-eko (Italia) irteera puntutik atera bezain laster erakutsi zuen oso sasoiko zegoela. Joan den 8an izan zen irteera, eta gaur goizeko zazpiak zirenean Courmayeur-eko helmugara heldu da lehen postuan 68:08:32 denborarekin. Lehen aldia zuen lasterketa horretan, eta pozarren zegoen lortutako garaipenarekin: «Oso emozionatuta nago lasterketa hau amaitu dudalako, eta, gainera, garaipen batekin. Denera, soilik ordubete lo egin dut. Momentu zailena igandekoa izan zen; Loson lepoan elurra egin zigun. Eta hoberena atzokoa: Matterhorn-en ikuspegia itzela da».

Atzetik lehia bizia zegoen Marmissolle eta Louis Calais eta Martin Perrier frantziarren artean. Calaisek lo egiteko etena egin zuen Ollomont-en, baina krisi sakona sufritu eta postuak galdu zituen. Astelehenaren eta asteartearen artean, berriz, korrikalari zuberotarrak eta Perrier-ek oso gutxigatik ez zuten lasterketa utzi. Baina errekuperazio ikaragarria izan zuten, eta gai izan dira Tor des Géants amaitzeko. Azkenean, Marmissolle bigarrena izan da 73:10:18 denborarekin, eta Perrier hirugarrena 75:35:59 kronoarekin.