Euskararen aurkako oldarraldi juridikoa geldiarazteko neurriak eskatu ditu LABek Donostian
Gipuzkoako Aldundiko langileek mobilizazioa egin dute, LABek deituta, Donostiako epaitegiaren aurrean, non Eibarko Egogain egoitzako zaintzaile lanpostuen hizkuntza eskakizunen aurkako epaiketa egin den gaur. «Beste eraso juridiko baten atarian gaude», adierazi du sindikatuak.
LAB sindikatuak deituta, Gipuzkoako Aldundiko hainbat langile Donostiako epaitegiaren aurrean mobilizatu dira, Eibarko Egogain egoitzako zaintzaile lanpostuen hizkuntza eskakizunen inguruan egin den epaiketaren harira.
«Azkenaldi honetan, etengabeak izan dira Administrazio Publikoaren euskalduntze prozesuaren ardatz nagusietako bat diren lanpostuen hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtsoak eta ebazpen juridikoak», adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.
Protesta ‘Euskararen aurkako erasorik ez’ lelopean egin da, eta sindikatuko hogei bat ordezkarik parte hartu dute. Kazetariei egindako adierazpenetan, Edurne Lizaso LABeko ordezkariak klase politikoaren «erantzukizuna» eskatu du, euskararen aurkako «eraso judizial bortitzei» aurre egiteko.
Bere ustez, «euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu», erantzukizunak bere gain hartu behar dituelako. «Sindikatuoi neurriak bultzatzea dagokigu, pertsonek euskaraz lan egin eta bizi daitezen, eta klase politikoari, dagozkion legezko neurriak hartzea hori posible izan dadin», esan du.
Eraso hauen erakusgarri gogoan izan du Uliazpiko kasua, non euskararen eskakizuna atzera bota zuen EAEko Auzitegi Nagusiak. «Etengabe indartzen doan oldarraldi juridiko horri galga jartzea euskal klase politikoari dagokion ardura da, Euskara Legea egokituz ala Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz», gehitu du sindiaktuak.
Honi konponbidea topatzeko adituek emandako zenbait proposamen mahaigaineratu ditu. «Hor dago, adibidez, Iñigo Urrutia legegileak berak mahai gainean jarritako irtenbidea. Euskal klase politikoak ezin du beste aldera begiratu. Jakin behar du horrelako eraso juridikoen aurrean ahoa berotzeaz gain, neurriak hartu behar direla, hori egin gabe oldarraldiak ez baitu etenik izango. Norberak bere ardura politikoak hartu behar ditu».
CCOO, LABen aurka
Bere aldetik, CCOOk LABi leporatu dio «markatze eta seinalatze kontzentrazioa» sustatzea zortzi zaintzaileren aurka, euskara eskakizuna egiaztatu ez dutelako enplegua egonkortzeko ezohiko prozesu batetik kanpo utzi dituztelako.
CCOOk defendatzen du kasu honetan «hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak guztiz bateragarriak direla, kontuan hartuta zaintzaileak 2-4 pertsonako taldeetan aritzen direla txanda eta solairu bakoitzean». Beraz, bere ustez, euskarazko arreta «guztiz bermatuta dago derrigorrezko hizkuntza eskakizuna duten % 63ko plazen legezko indizearekin».
Bere ustez, «tamalgarria» da LABek «langile horien aurkako markatze eta seinalatze kontzentrazioa» egitea, baina, bere ustez, «benetan kezkagarria da EAJk eta PSEk gobernatzen duten erakunde batek Eusko Jaurlaritzan indarrean dagoen hizkuntza araudia ez betetzea».