INFO

Zumaia: «Hutsegite larri bat», eta hamaika ondorio

KAE 1 ligan Zumaiak bigarren egin duen arren, ez ditu kanporaketak jokatuko. Etxeberria Zumaiako entrenatzaileak eta Esnal presidenteak NAIZ Irratian esan dute ez dutela beren karguan segituko. Presidenteak jakinarazi du datorren astean KAEko zuzendaritza batzordearen dimisioa eskatuko duela.

Zumaiako trainerua neguko jaitsiera batean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


KAE 1 liga hasi baino lehen, hautsak harrotu zituen albiste honek: Zumaiako gizonezkoen taldea ez zegoela Eusko Label ligako kanporaketak jokatzeko behin betiko zerrendan. «Ezusteko galanta» izan zen Unai Etxeberria (Orio, 1988) Zumaiako entrenatzailearentzat, zeinak jada jakinarazi duen ez duela prestatzaile karguan jarraituko. «Garaian zuzendaritzari esan nion ez nuela jarraituko eta erabakia hartuta dago».

Oriotarrak azaldu du, garaian esan zuten bezala, Instagrameko pantaila- argazki baten bidez jakin zutela ez zeudela kanporaketak jokatzeko zerrendan: «Horrek mina handitu egin zigun, dudarik gabe». Prestatzaileak nabarmendu du beraiek argi esan ziotela zuzendaritzari kanporaketak jokatzeko inskribatzea nahi zutela; are gehiago, ikusita iaz zer-nolako denboraldia egin zuten: «Buruz ari naiz, baina iaz azken zazpi-zortzi urteetako denboraldirik onena egin genuen. Bosgarren postuan amaitu genuen, eta guk aurten hor goian ibili nahi genuen».

Etxeberria: «Liga hasi baino lehen arraunlariekin batu nintzen, eta hor bakoitzak bere iritzia eman zuen»

Aurten, «hor goian» ibili ez ezik, bigarren postuan amaitu dute zilarrezko mailan, bandera bat astintzen. «Oso gustura» daude egindako lanarekin, eta entrenatzaileak bereziki mutilek egindako lana goraipatu du: «Liga hasi baino lehen arraunlariekin batu nintzen, eta hor bakoitzak bere iritzia eman zuen. Ustez onena zen ligan guk balio genuena demostratzea, eta iruditzen zait hori egin dugula».

Aldi berean, Etxeberriak adierazi du denboraldia «oso zaila» izan dela, egunerokoan «lan handia» egin behar izan duelako, «psikologo lana, batik bat»: «Ez da erraza arraunlari batentzat azaroan entrenatzen hasi, eta horrelako albiste bat jasotzea liga hasi baino astebete lehenago». Hala ere, prestatzaileak behin eta berriz nabarmendu die arraunlariei «egunerokotasunari balioa emateko eta disfrutatzeko»: «Arraunean jarduteak egun asko eta ordu kentzen dizkigu, eta momentu bakoitza disfrutatzen ez badugu, ez dakigu hurrengoa noiz izango den».

Prestatzaileari galdetuta ea egungo zuzendaritzak alde batera egingo balu entrenatzaile izaten jarraituko lukeen, erantzun du ez duela «horretan pentsatu», baina «zaila» ikusten duela.

«Izen-emateko epea pasatu zitzaigun»

«Esaten badizut lasai nagoela, gezurra esango nizuke» esan du hasteko Joseba Esnal (Zumaia, 1963) Zumaiako presidenteak NAIZ Irratian. «Azken hilabetea ez, uda guztian halako zama bat eraman dugu, eraman dut... Batik bat, are gehiago ikusita estropada guztietan mutilak ondo ibili direla».

Emakumezkoen trainerua inskribatu zuten Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko; gizonezkoena, ordea, ez. Presidenteari zer gertatu zen galdetuta, adierazi du ez direla «kirol balorazioetan sartzen»: «Kanporaketetan izena emateko garaia iristen denean, bai entrenatzaileari, bai arraunlariei galdetzen zaie ea zein aukera dituzten edo ea beraiek nola ikusten duten trainerua lehen postuetan sartzeko. Nesken entrenatzaileak esan zigun baietz, eta gero, mutilekin gertatu zen, joan den urteko denboraldia egiteko gai baziren, denok sinatuko genukeela. Iaz sekulako denboraldia egin zuten, bosgarren amaitu zuten».

Esnal: «Kanporaketetarako izena ematea arraunlari bakoitzarentzat 20 euro ziren. Hori ez da kontua»

Horrez gain, Zumaiako presidenteak adierazi du klubak «historia» duela, baina «xumeak» direla. «Ikusi genuen kanporaketetan sartzea oso zaila izango zela, baina hori ez da aitzakia. Izan ere, beste urte batzuetan, jakinda ez ginela sartuko, izena eman dugu. Gauzak aurrera joan ziren, ez genuen ezer erabaki, eta gertatu zen epea pasatu egin zela. Hurrengo egunean sekulako atsekabea izan genuen. Ahalegina egin genuen, eta KAEri errekurtsoa aurkeztu genion, gure akatsa izan zela, eta onartzeko kanporaketetan, baina ezezko borobila jaso genuen».

Presidenteari galdetuta harritzekoa dela emakumezkoen izen-emate epea betetzea eta gizonezkoena, aldiz, ez, Esnalek adierazi du emakumeen entrenatzaileak esan zuela «sartu egin nahi zutela», eta gizonezkoenean, «duda batzuk» zeudela. Etxeberria entrenatzaileak, baina, nabarmendu du hasieratik jakinarazi ziola zuzendaritzari kanporaketetan egon nahi zutela. Hori presidenteari esanda, adierazi du ez duela «halako eztabaidetan sartu nahi, eta berak hala esaten badu, hala izango dela».

«Ulertzen dut beraiek ez ulertzea gure arrazoiak»

Diru kontuengatik izan al den galdetuta, presidenteak adierazi du «horregatik ez» dela: «Kanporaketetarako izena ematea arraunlari bakoitzarentzat 20 euro ziren. Hori ez da kontua. Nik arduradun bezala, zuzendaritza batzordea osatzen dugu, ni buru naiz, eta akats bat egin genuen. Nire gain hartzen dut izena ez ematea kanporaketetan».

Mutilena «izugarrizko akatsa» izan zela nabarmendu du presidenteak, eta gerora, bilera bat eduki zuela berak arraunlariekin, eta ondoren, presidentearekin eta presidenteordearekin batera, beste bat izan zutela. «Ulertzen dut izugarrizko pena dutela, eta ilusioa kendu diegula. Beraiek beren amorrua eta haserrea azaldu zuten, eta guk argudioak mahai gainean jarri genituen. Nik ulertzen dut beraiek ez ulertzea gure arrazoiak».

Orain, aurrera begira jarri da presidentea. Haren ustez, denborarekin, «gauzak baretzen» joan dira. «Arraunlariei esan nien, denbora bat bukatzen denean, akatsak eragina izango duela nigan. Aste honetan beraiekin geratu naiz, eta etorkizunari begira, denok batera, adostasun batera ailegatu nahi dugu».

Noski, Etxeberria prestatzailea ez da egon aste honetan bileran. Presidentearen ustez, entrenatzaileak kargua ez du utzi gertatu denagatik, baizik «lanean arazoak dituelako»: «Oriora doa bizitzera, eta bueno, denak bat egin du. Hor gabiltza entrenatzaile berria aurkitzen, arraunlariekin hitz egiten, adostasun batera iristeko».

Esnal: «Datorren astean KAEko zuzendaritzarekin gogorrak izango gara, eta dimisoa eskatuko dugu»

Eman behar diren pausoak emango dituztela nabarmendu du Esnalek. Batzar bat egingo dute. Zuzendaritza taldeak jarraituko ote duen galdetuta, hauxe adierazi du: «Esango nuke ez duela karguan jarraituko. Lur jota nago, nire hitza bete egin behar dut. Arraunlariei hitzeman nien kanporaketetarako izena ez emateak eragina izango zuela, eta nik utzi egingo dut. Modu bat da adierazteko bai arraunlariei, bai Zumaiako arraunzaleei, izugarrizko akatsa egin dudala, eta horrek eragina izan behar duela. Eta hori da nik presidente karguan ez jarraitzea».

ETE Ligan, Astilleroren auzia

Zumaiako presidenteak NAIZ Irratian izandako tartea aprobetxatu du beste kontu bat mahai gainean jartzeko: Zarautzek eta Zumaiak Astillerori jarritako salaketa. Euskal Herriko klubek salatu zuten Kantabriako taldeak hiru arraunlari bertako gisa inskribatu zituela, baldintza hori betetzen ez zutenean. Hala, ETE ligak ebatzi zuen ez zegoela «fede txarrik», eta, beraz, atzera bota zuen Zumaiak eta Zarautzek eskatutakoa.

Horren harira, Esnalek adierazi du Astillerok arraunlari zerrenda «okerra» egin duela, eta araudiaren arabera, horri isuna dagokiola: «Bi bider jarri genuen helegitea, eta ezezko borobila jaso genuen. Mutilekin helegitea jarri dugu, ez dugula asmo txarrik izan, eta ez digute onartu». Presidentearen ustetan, bi lege urraketek erantzun «desberdina» izan dute. «Astilleron ez da egon asmo txarrik, onartu egin diote, eta guk asmo txarrik gabe ez dugu izena eman kanporaketetan eta guri ezezko borobila eman digute. Datorren astean KAEko zuzendaritzarekin gogorrak izango gara, eta dimisioa eskatuko dugu. Beste elkarte batzuekin ere hitz egin dugu. Aurretik ere beste gauza larri batzuk egon dira. Estatutuek dioten gauza batzuk gainetik pasatu dira, eta uste dut sekulako interesak daudela, bai kirol arloan, bai ekonomikoan».

Honi buruzko guztia: KAE 1